Xabier Arruti "Herritarrak ito nahi dituzte Maduroren aurkako altxamendu herritar bat egon dadin"

Xabier Arruti
Z. Oleaga
Entrevista a
Xabier Arruti Imaz

Xabier Arruti Imaz lazkaotarra da jaiotzez baina ia 40 urte daramatza Venezuelan, 1981ean errefuxiatu gisa heldu zenetik. Prozesu bolibartarrean murgildu zen hasieratik, gobernu egituretan hainbat kargu izan ditu garai ezberdinetan, eta egun Monseñor Iturriza udalerriko alkatetzan lanean ari da. Egungo egoera kezkaz eta borrokarako grinaz bizi du. Aukera guztiak zabalik ikusten baditu ere, baikor azaltzen da aurrera begira.

Lehen orduetako tentsio uneak eta informazio eza gaindituta, aurrekoak baino babes herritar eta gaitasun gutxiago izan du azken kolpe saiakerak.

Bai. Orain arte AEBak nolabait kolpearen atzean zeuden. Orain, aldiz ikusi dutenean Juan Guaidó eta enparauak zer tribu diren, buru jarri da. Haiek dira zuzenean fitxak mugitzen dituztenak, militarrak erosten saiatzen direnak eta beste. Egia da, halere, kolpe saiakera honetan presidentearen konfiantzazko goi karguak egon direla inplikatuak, inteligentzia aparatuen zuzendaritzan zegoen generala kasu. Edo beste zenbait ofizial, soldadu soilak iruzurren bitartez mobilizatu zituztenak, beste motatako operazio batera zihoazela azalduta. Trikimailuaz ohartzean atzera egin zuten, ordea, eta 25 ofizialek Brasileko enbaxadara egin zuten ihes.

Barne mailan kolpistek epe motzeko bi bide lehenetsi dituzte hilabeteotan: mobilizazio herritarra eta armadaren barne haustura. Lehenak behera egin du eta armadan ez dute lortu nahi zutena. Arriskua pasa da?

Beti dago arriskua. Orain Kolonbiako gobernuaren bitartez “positibo faltsuak” antolatzen ari dira; alegia, Venezuelako militarrak Kolonbiako lurraldean sartzen ari direla zabaltzen dute, Venezuelako lurraldean operazio armatu bat justifikatzeko. Latinoamerikako eskuin gobernuek osatu duten Limako taldea Venezuelako herria apurtzen eta menperatzen saiatzen ari da; Osaba Samen peoiak dira. Baina kolpea gelditu zen. Erantzun herritar masiboa egon zen, naiz eta komunikabideek irudi horiek ez dituzten atera.

Arnas luzeagoko beste estrategia bat gerra ekonomikoarena da. Aspaldi hasi zen, baina sakondu egin da.

Gerra ekonomikoak jarraitzen du. Esportazio zein inportazioen gaineko blokeoa handia da. Herritarrak ito nahi dituzte Maduroren aurkako altxamendu herritar bat egon dadin. Hori da AEBen helburu nagusia orain.

AEBek zigor handiak ezarri dizkiete goi kargu militarrei; giza eskubideen urraketengatik, omen. Seinalatuetako bat inteligentzia zerbitzuen burua zen. Orain, dena barkatu diote iraultza traizionatu duelako. Beno, gizateriaren aurkako krimenak burutu baditu, hilketa eta torturen arduraduna bada, nola uzten dute orain kargu eta zigor guztietatik libre?

Esan duzu estrategia nagusia itotze ekonomikoaren bitartez oinarri chavista Gobernuaren aurka jartzea dela. Nola eragiten ari da blokeoa eta gerra ekonomikoa herritarren egunerokotasunean?

Oinarri chavistak antolatuta daude, tokiko antolakundeekin batera elikagai planak aurrera ateratzeko. Baina logikoki, ez da heltzen lehen heltzen zen elikagai kopurua. Hildako asko dago botiken faltagatik ere. Venezuelak atzerrian zituen diru eta funtsak blokeatu dituzte, milaka milioi dolar, hain zuzen ere botikak eta elikagaiak erosteko erabiltzen direnak [Venezuelako gobernuak salatu berri du AEBek 30.000 milioi dolar blokeatu dizkiola gaurdaino]. Ez dira gobernuaren aurkako neurriak, zuzenean herritarren aurkakoak baizik, eta uste dut hori ulertu dutela venezuelarrek, egunerokotasunean beharrak eta estutasunak handiak izanik ere.

Kanpo interbentzio militarraren arriskuaz ere ugari hitz egin da. Leopoldo Lópezek eta Guaidók aukera hori hauspotu dute berriz, azken saiakeraren porrotaz geroztik.

Mahai gainean aukera guztiak daude. Madurok esan du, nahi dutenean eta nahi duten tokian hitz egiteko eta negoziatzeko prest dagoela, baina hori bai: herrien subiranotasuna errespetatuta. Eskuhartze militarra ezin da baztertu baina zailtasun asko ikusten dizkiot. Errusia ere hor dago.

Kanpotik ikusita harrigarri xamarra da Guaidó libre jarraitzea. Nola azaltzen da?

Jende guztiak galdetzen du berdina. Nolatan ez duten atxilotzen gerrarako eta inbasiorako deiak egiten dituen tipo bat. Nik uste lasaitasun eta zuhurtzia kontu bat dela: carajo hori libre dagoen bitartean kolpisten planen inguruko informazio gehiago du gobernuak. Bestalde, azken kolpe saiakeran parte hartzea leporatuta, legebiltzarreko lehendakariordea den Edgard Zambrano diputatua preso hartu dute; atxilotze aginduak daude 11 pertsonaren aurka eta horietako lau enbaxadetan ezkutatu dira.

Egun kolpistek barne mailan indar eta sostengu nahikorik ez dutela argi geratu da; interbentzio militarra ezin da baztertu baina ez du ematen erraza; gerra ekonomikoak ez du lortu herritarrak gobernuaren aurka egitea, baina eragiten duen sufrimendua ezin da mugarik gabe luzatu eta ez dirudi AEBek etsitzeko asmorik dutenik… Zer aurreikusten duzu?

Nik uste dut mugimenduak daudela. Espainiako Gobernuak Guaidó babestu zuen hasiera batean, eta orain AEBen jarreraren aurka egiten hasi da [maiatzaren 9an Josep Borrell Atzerri Ministroak AEBek “cowboy” baten jarrera izaten ari dela kritikatu du, adieraziz onartu beharra dagoela Maduroren gobernuan dela “lurraldea, administrazioa eta armada kontrolatzen dituena”] . Espainiak Venezuelari begira pisua du Europar Batasunaren barnean. Iruditzen zait badirela herrialdeak Guaidóren zirkuaz ohartzen ari direnak, esaten dutenak, “nola aitortuko dut presidente bezala tipo bat gobernatzen ez duena”. Pixkana aldentzen hasiak dira.

Baikorra zara aurrera begira?

Bai. Orain arte herri honek kementsu jokatu du, kalean erantzun du. Egia da gabezia handiak daudela eta gose den jendea dagoela. Ekonomia lurrean dago, petrolioaren ekoizpena jaitsi egin da. Errekurtsoen %75a gastu sozialera doa, gobernua saiatzen da, baina blokeoa gero eta gordinagoa da. Ikusiko dugu zer gertatzen hilaren 20ko Errusia eta AEBen arteko bileran. Baina gero eta herrialde gehiago ari zaie esaten yankiei; “noiz arte?”. Oposizioa desmobilizatua eta apurtua dago. Baina hor daude yankiak bere hatzaparrekin: Kolonbiako “positibo faltsuek” erakusten dute saiatu daitezkeela interbentzio militar bat burutu eta Venezuelako lurralde zatiren bat hartzen.

Fuente
argia.eus
Categoría