http://www.naiz.eus/media/asset_publics/resources/000/115/213/news_landscape/hendaia22.jpg?1411818975

Hendaiako Beltzenia frontoian gerra zikinaren eta errepresioaren biktimak omendu dituzte. Aldi berean, Madril eta Paris interpelatu dituzte, sufrimenduaren monopolioa hautsi eta jazotakoa argi dezaten eskatzeko.

Hendaiako frontoia lepo beteta, omenaldi hunkigarria jaso dute GALen eta, oro har, gerra zikinaren biktimen senideak. ‘Egia bide, askatasuna amets’ zihoen panel handiaren gerizpean, iheslari politiko andanak hala eskatuta, senideak igoarazi dituzte oholtzara jendearen txaloen artean eta haritza landareak banatu dizkiete.

Jarraian, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko bi kidek hitza hartu eta gerra zikinak «kide asko, gehiegi, erail» zizkietela nabarmendu dute, horren atzean «estatu espainola eta frantsesaren esku-hartzea dagoela» gogoratuta. Zergatik, noren izenean, nork ordainduta galderek oraindik orain erantzunik gabe segitzen dutela gaineratu dute, «Euskal Herriak pairatzen duen gatazkari» soluzioa emateko «egia osoa» ezinbestekoa dela aldarrikatuz.

«Azken mendean Euskal Herriarekiko bizitza ematerainoko konpromisoa» erakutsi zutenak eredutzat hartuta, «herria biziarazteko» borrokatu eta lanean jarraitu behar dela adierazi dute. Beste une hunkigarria oso bizi izan da belaunaldi guztietako berrogei bat preso ohi, kandela gorriak eskuetan eta bost erpineko izar gorria zuten elastiko beltzekin jantzita, oholtzara igo direnean.

Jendearen etengabeko txalo zaparradek ‘Zapalduen olerkia’ abesten ari ziren bi abeslarien ahotsak estali dituzte. Ikurriñaren dantza eskaini dietenean, frontoia lehertzear jarri da. Ezker abertzalearen izenean, Xabi Larraldek 70 hamarkadatik hasi eta Jon Anzaren heriotzeraino izandako talde parapolizialen atentatuak «ondo pentsatutako eta planifikatutako estrategiaren ondorio» izan direla adierazi du.

Bi estatuen ardura gogoratuta, dei egin die «urteetan terrorista deitu gaituzten horiei» Eskozian gertatutakoa ikasgai hartzera eta Euskal Herriari ere autodeterminazio eskubidea aitortzera. Ondoren, Eusko Gudariak-en doinuek hartu dute pilotalekua ekitaldiari amaiera emanez.