Chavismoaren eta iraultza bolivartarraren ametsak, atakak eta etsaiak ondo ezagutzen ditu Iturrizak. Venezuelak kezkatzen eta mintzen gaituen honetan, horiez guztiez dihardu, luze eta sakon, kritika publiko eginez baina iraultzari leial.

Euskal Herrian ibili da Reinaldo Iturriza “Chavismo basatia” bere liburua besapean, unibertsitateetan eta komunikabideetan Venezuelako egoeraz eta geroaz mintzo. Soziologoa ikasketaz, borondatez militante bolivartar, ministro izatea ere egokitu zaio, lehenik Komunen eta Mugimendu Sozialen ministro, eta, gero, Kulturakoa.

Ahots pausatu eta sarkorra du Iturrizak, umiltasuna dario. Ondo ezagutzen ditu chavismoa eta iraultza bolivartarra, beren ametsak, atakak eta etsaiak. Horiez guztiez hitz egin digu, luze eta sakon.

Hori bai, hasi baino lehen, bere abizenaren eta alaben izenak (Mikele eta Ainhoa) ezagututa, ez diogu bere jatorriari eta euskalduntasunari buruzko galdera batekin hasteko tentazioari eutsi. «Nire jatorriak ez ditut zehazki ezagutzen. Hain zuzen ere, hona etortzearen arrazoietako bat horien inguruko jakin-mina izan da. Euskal Herriko historia ez dut sakon ezagutzen, baina formazioagatik, kultura politikoagatik, nire euskal sustraiengatik, eta ez orain eta hemen nagoelako, betidanik, printzipioengatik, Euskal Herriaren independentziaren alde kokatu izan dut neure burua. Ez dakit zein euskal herritik datozen nire arbasoak. Baina euskalduntasuna nire izatearen zati bezala aitortu dut beti, nire herentzia da, eta nire alaben izenak euskaldunak izan behar zirela oso argi nuen. Nolabait Euskal Herriari nire omenaldi singular eta xumea eskaini nahi nion, eta, batez ere, bere borrokari».

Venezuelako egoerak kezkatzen eta mintzen gaitu. Gerra ekonomiko betean, Maduro presidentea postutik indarrez kentzeko saio iraunkorra, oligarkiaren menpeko, inperialismoaren sokako gobernua ezartzeko ahalegina, elikagaien eskasia, hiperinflazioa, herria herriaren kontra ilaratan... Egoera horretan chavismoak duen arduraz galdetu diogu, argi utziz aldez aurretik horrek inondik inora ez duela suposatzen herri borondatea ukatu eta autoritarioa den diktadura baten aurrean altxatu den herri baten tragediaren errelatoa onartzea suposatzen.

Ezinegonak sortu eta definitua
«Venezuelan gertatzen ari dena ulertzea ezinezkoa da Chavismoaren ardura kontuan hartzeke. Hori da biderik eraginkorrena gertatzen ari den guztia Maduroren errua dela edo Chavez balego gertatuko ez zela dioen errelatoa gailendu ez dadin. Beste hitz batzuetan, klase politiko eta oinarri sozial bolivartarrak bere ardura propioak aitortzeko duen berezko uko hori Venezuelako gizartearen haustura eta ezberdintasun sakonen adierazpen dira. Chavismoak beste jarrera bat hartu behar du. Hasteko, chavismoa ardura ekintza bat delako. Hori ez da erretolika hutsa, egia da, kontsentsu handia dago horren inguruan. Chavez komandantearen indarra eta lidergoa, hein handi batean, 1992ko estatu kolpe saiakeraren ardura aldarrikatu eta bere gain hartzetik sortzen da, edo, guk diogun bezala, 1992ko otsailaren 4ko errebelio zibiko-militarraren ardura bere gain hartzetik. Iraultza bolibartarra hori da: Venezuelako herriak beste etorkizun bat eraikitzeko ardura, ekintza, bere gain hartzea».

Chavez komandantearen hitzak dakartza gogora, klase gorrotoa eta banaketa soziala xaxatzen zituela aurpegiratzen ziotenean esaten zituenak: “Gure prozesua baztertu egon den, ikusezina izan den herri baten subjektibazio prozesua da”. «Chavismoak herri hori politizatu eta ikusarazi egin du», nabarmendu du Iturrizak.

Badira, bestalde, Chavezekin pobreak pozik eta aberatsak urduri zeudela eta Madurorekin pobreak urduri eta aberats asko pozik daudela dioten ahotsak ere. Hausnarketa eskatu diogu: «Hori errealitatearen karikaturizazioa da. Chavismoa ezinegon sozial baten politizazioa da, ezinegonak sortu eta ezinegonak definitzen du. Antichavismoa ez bezala, espresuki adierazten du proiektu sozial alternatibo bat, baina planaren eta errealitatearen artean distantzia handia dago. Eta distantzia horrek sortzen du ezinegon erantsia, eta horrek gogor interpelatu behar du gidaritza klase bolivartarra. Elite eta oligarkia venezuelarrak ez daude iraultza bolivartarrarekin gustura, bestela ez lukete holako gogortasunarekin borrokatuko. Gero, klase berriaren fenomenoa dago, iraultzatik sortu eta aberastu diren taldeena, negozio legitimo eta ilegitimoen bidez, ustelkeriaren bitartez. Ez da, baina, Venezuelako fenomeno esklusiboa, ez du iraultza bolivartarra definitzen».

Soziabilitatea hautsi
«Galderan klaseen arteko gatazka aipatu duzu –jarraitu du luze eta sakon–, pobreak pobreen aurkako gerra. Hori da Venezuelaren kontrako gerra ekonomikoak bilatzen duen helburu bat. Chavismoak soziabilitate bat sortu zuen, apurka-apurka harreman sozial berriak eraiki eta imajinario politiko berri bat sortuz. Elkartasunean, kooperazioaren zentzuan eraikitako soziabilitate berri bat. Estatu sendo bat izatearen beharra, ekonomian esku hartu behar duena, ekimen pribatuak egon behar duela baina ezin duela dena agindu eta erabat kontrolatu, aberastasuna banatu eta askatasunei eta era guztietako eskubideei errespetu zabal bat zor zaiela, hauteskundeak maiz egin behar direla… Chavismoa historikoki umiliatuta egon den baina jada gehiago umiliatua izango ez den herria da. Gerra ekonomikoaren eguneroko ondorioetako bat orduak ilaran pasatu behar hori da, eta hartzen zaituen horrek, ez soilik merkatari pribatuak, baita sarri hornidura publikoaren sarean hartzen zaituen funtzionarioak ere, zu umiliatzea, berriz umiliazioaren arora bueltatzea esan nahi du».

Galdera natural dator: desjabetzeak, nazionalizazioak, langileen kontrol zuzena... horiek denak saiatu eta gero, Gobernuak ba al du ekonomiaren gaineko, totala ez bada ere, kontrol eraginkor bat? «Ez. Errelato bat sortu da dioena gure ekonomia estatalizatuta, zentralizatuta dagoela, Gobernuaren esku hartzeagatik funtzionatzen ez duen ekonomia dela, ezker-eskuin industriak desjabetu direlako, edo nazionalizazioaren alde egin delako. Errealitatea, baina, honakoa da: unitate produktiboen %1 bakarrik daude Gobernuaren esku, gainontzeko %99a kapital pribatuaren mende daude. Oligopolioek janariaren industriaren kontrola dute, adibidez, gure eguneroko kontsumoa kontrolpean daukate. Hori da problema: kontrol falta. Esaten denaren kontra, Estatuak kale egin du ekonomia nazionalaren gaineko kontrolean. Burdinaren, aluminioaren oinarrizko industriak nola kudeatzen diren kontu bat da, baina Estatuaren kontrol bat egon behar da hor. Petrolioaren industrian, adibidez, goi kargu eta ministro ohiak atxilotzen ari dira ustelkeriagatik, baina sektorearen nazionalizazioa ezin da zalantzan jarri. Arazoa da gure ekonomiaren kontrola kapital pribatuak duela, oligarkia nazionalak; hortaz baliatzen da salbuespen egoera bat inposatzeko, Venezuelako herriaren borondatea, bere gobernu eta instituzioak ukatzeko».

Subjektua ez esentzializatu
“Chavismo basatia” liburuaz galdetu diogu. “Basati” adjektiboak atentzioa eman digu, basati eta popularra den chavismoa ofizialista eta herria bideratu beharreko onuradun gisa ikusten duen beste chavismo batekin kontrajartzen duelako. Ea ez ote duen “%100 puru” etiketaren ideia indartzen galdetu diogu, ea ez ote duen gizatasuna kentzen zaion chavismo ezgai, ezjakin, irrazional horren estereotipoa indartzen. «Esku artean lehertu zitzaigun egoera batekin aurkitu ginen: chavistak gara, gobernua dugu eta chavista moduan ekin behar dugu. Gobernatzeko, politika ulertzeko modu chavista bakarra balego... Bistan da ez dagoela. Chavismo asko daude, eta hori aldarrikatzen dut. Niretzat ez da aski identitate politiko bat eta bakarrarekin aritzea, horren aldarrikapen hutsa egitea. Eztabaidatu behar da zer esan nahi duen era iraultzailean gobernatzeak, izan ere, chavismoaren izenean lehenago gobernatzen zen modu berean goberna daiteke, modu klientelar eta asistentzialean. Goberna daiteke ere modu iraultzailean, instituzioak eta herri antolatuaren eta lurraldearen arteko distantziak laburtuz».

Hala ere, sinplifikazioaren arriskuaz ohartarazi nahi du. «Badaude oinarrizko militanteak era ofizialistan jokatzen dutenak eta ezagutzen ditut Gobernuan dauden benetako chavista iraultzaileak ere. Inportanteena subjektua ez esentzializatzea da. Hemen ez dago auzoetan bizi den chavismo on, popular, pururik, purutasuna Gobernu eta Estatuaren burokraziaren aurrean baieztatzen duena. Antichavismoak kriminalizatu eta deabrutu egiten du chavismoa. Ofizialismoak ez, baina astotu egiten du, subjektu bezala beti falta zaio zerbait, batzuetan ez da subjektu politikoa, asistentzia objektua baizik».

«Maduro ez da Chavez»
Madurok Chavezen garaipen gehienak mantendu ditu, hala nola, misioak, programa sozialak eta norabide antiinperialista, baina ez da Chavez. Nola egiten dio aurre chavismoak batasunaren erronkari? Nola Chavez bezalako figura aglutinatzailerik gabe? Non da oreka grabitate-zentro hori galduta?

«Chavez komandantearen heriotzaren ondoren, ezkerraren parte bat umezurtz gelditu zen, liderrik gabe zereginik ez zela pentsatuz. Chavismoaren oinarri sozialak ez zuen sekula dilema hori izan, garbi zuen aurrera egin behar zela, ez zituztela garaituko. Garbi orain eta hemen Maduro presidentea babestu egin behar dela. Argi dago inor ez dela Chavez, ezta Maduro bera ere; Chavez milioiak dira eta soilik batuta dira Chavez. Mugimenduak ez zuen hori zalantzan jarri. Batasuna mantentzeak zailtasunak dauzka, elementu aglutinatzailearen faltan are gehiago, baina bagenekien egunen batean hori gertatuko zela. Venezuela ez da monarkia bat, bagenekien norbaitek bere gain hartu behar zuela denon gain hartu behar zena, denok joan behar ginela harekin bat eginda. Madurok, aurreikuspen guztien aurka, chavismoa dagoen posizioraino batuta eta abantaila politikoarekin ekarri izanaren meritua dauka, eta aitortu egin behar zaio».

Ekaitzean norabideari eutsi
Ezkerreko sektore batzuek Maduro kritikatzen dute Chavezek utzi zion botere oreka mantentzen saiatu eta oposizioarekin ituna bilatzen ari delakoan. Jarrera inuzentea dela hori, zebra zauritu batek lehoia motibatzen duen bezala motibatzen duela oposizioa.

«Hori Chavez esentzializatzeko oso modu oportunista da. Antichavismoaren metaerrelatoaren parte bat da, 'hau guztia Chavezekin ez zen gertatzen' dioena. Chavezek eztabaida horretan bere ikuspuntua sarri adierazi zuen: ‘ez gehiegikeria iraultzailerik, ezta oligarkiarekin itunik ere’. Maduro presidenteak sarri gogoratzen du hori. Egun ez dago gehiegikeria iraultzaileetarako baldintzarik, egotekotan, oligarkiarekin ituna egiteko daude. Baina hori ez da Maduro presidentearen jarrera. Bestalde, iraultza bolivartarrak helburu duen gizartea ez da chavistentzako gizarte bat, denok kabitzen garen gizartea bat baizik. Duela hogei urte gutxi batzuk ordezkatuta eta gehiengo handi bat baztertuta zegoen gizarte batetik gatoz, eta ez dugu horrelakorik errepikatu nahi. Horrelakorik ez dut nahi nire alabentzat. Baina, hori bai, gutxiengoak ezin duena egin da Venezuelako herriaren gehiengoaren borondatea ukatzea. Eta arazoa da beraiek gehiengoa izatera iristen badira, chavismoak eraikitako errealitate politikoa errespetatuko duten zero berme daudela».

Eta aitorpena utzi digu: «Oraingo zailtasun ekonomikoak kontuan hartuz, badaude baldintzak oligarkiarekin itun bat bilatzeko, uste dut chavismoaren barruan, baita gobernu arduretan dauden sektore batzuetan ere, hori bilatzen dela. Iraultzaren norabide estrategikoa sakrifikatuz gobernuari eutsi ahal izango diotelakoan, oligarkiaren zati batekin gobernatzeko prest daude. Ez dut uste hori dela Maduroren jarrera. Barne mailako tirabira askoko unean, itsasontziaren norabideari eusten saiatzen ari da, ekaitza oso gogorra izan arren, proiektu bolivartarraren horizonte estrategikoa galdu gabe».

Chavisten odola itsaso
Oposizioaz hausnarketa egitera gonbidatu dugu. Ezin du boterea eskuratu, ez da gai dituen bitarteko itzelak botere bihurtzeko. Agian erreaktiboa delako. Bestalde, bere sektore batzuen izate faxista eta mendekatzailea ezin dira ahaztu. Boterera iritsiko balira, espero daiteke olatu kontrairaultzailearekin batera chavisten odolez beteriko itsaso gorririk?

«Dudarik gabe. 2007an jasan zuen porrotaren ondoren, oposizioaren ahalegina hortik doa. Ofizialki onartu zuten ‘jende hau da gehiengoa’, eta insurrekzionalki irabazterik ez dutenez, ahuldu egin nahi gaituzte, gure oinarria atzera eginaraziz. Beste behin ere, klase politiko antichavista, presidentegai izan zitezkeen lidergoak, denak izan dira garaituak: Larako gobernadorea, Mirandakoa, Asanblea Nazionaleko presidentea... Ez daukate presidentegai sinesgarririk. Nik uste outsider baten alde joko dutela, Latinoamerikako hainbat herrialdetan egin duten bezala, harreman publikoetarako kristoren gaitasuna duen norbait, enpresa munduko konexioekin. Saiatuko dira elektoralki irabazten ez soilik boto antichavistarekin, baita atzera egin eta gure etxera sartuz ere, desafiliatu den oinarri bolivartarrenarekin ere bai».

Eta hari beretik tiraka, «eraiki duten zentzu komuna odola isurtzearen guztiz aldekoa da. Jada ikusi dugu! Gobernu egindako oposizioa irudikatu eta ikusten dut gehiegikeria patroi bezala eta ez salbuespen gisa. 2002ko estatu kolpean ikusi genuen, imajinatu azken hamabost urteetan pilatu duten errebantxa desioa! Bada, chavismoaren muineko egiturek su eta gar borrokatuko zituzten ziur egon».

Kritika publikoa bai, baina...
Nazioarteko ezkerraren jarreraz ere galdetu diogu, nola gatazka honetan busti nahi ez duen, ea Maduroren deriba autoritarioaren eta chavismoaren akatsen errelato horren atzean gotortuta, elkartasun falta erakusten duen, edo Desmond Tutu parafraseatuz, ea Venezuelako injustizia egoeran, neutral azaldu nahiak ez ote duen zapaltzaileen aldeko jarrera hartzea esan nahi.

«Jende askok esan digu hori, momentu batean iraultza bolivartarrak piztu zuen interes handia, sinpatia, uneotan gainbeheran dagoela, bereziki Chavez hil geroztik. Ezker eta intelektualitate globalaren parte bat badago nahi izanez gero hori esan dezakeena, deriba autoritarioaren matraka hori, eta Maduro ez dela Chavez diskurtso hori... Ez pentsa, Venezuelan ere badaude horrelakoak. Iruzurra da, itxurakeria totala. Kritikoa izan behar da, jakina, eta kritika publikoa egin, baina beti iraultza bolivartarretik, harekin solidario izanik, borrokatzen duen herriarekin bat eginda… Hori beti!».

Venezuela, «Karibeko auzia»
Asko estimatzen duen William Ospina idazle kolonbiar handiarekin izan zuen polemika gogoratuz, azken perla bat utzi digu Iturrizak. «Chavezen heriotzaren ondoren idatzitako testurik onena berea da. Baina duela gutxi deriba autoritarioaren kontu horrekin atera zen eta zera esan nion publikoki: gogoratzeko Kuba bezala Venezuela ere ‘Karibeko auzia’ dela, gogoratzeko Gabriel Garcia Marquezek Kubaz hori esan ziola, ez zela marxismo kontua, ezta teoria iraultzaileen kontua ere, setiatua dagoen herri baten soberaniaren aldeko borroka zela. Eta formalitate eta legalitatetatik harago, hemen jokoan dagoena bere iraultzaren alde diharduen Venezuelako herriaren borondatea da. Kritikak ondo daude, baina, bereziki egoera hauetan, ezin zaitezke aldendu».