Venezuela, eszenatoki berrien zain

Soldados venezolanos
Ibai Trebiño

Maduro presidentearen gobernuak egindako akats estrategiko larriak onartuta ere, Mendebaldeko iruditeria kolektiboan bakarrik existitzen den fenomeno gisa ulertu behar da “Juan Guaidó fenomenoa”. Fenomenoa baino, AEBen apustua.

Hiru astez mobilizatu gabe izan ondoren, Guaidók ordezkatzen duen oposizioa martxan jarri da berriz ere. Horretan mundu osoko komunikabideen rola nabarmendu behar da, biek –oposizioa eta komunikabideak– estrategia bateratua baitute: Presidente konstituzionalari zilegitasuna kendu eta plaza batean bere burua hala izendatu zuen pertsona bat "presidente ahalguztiduntzat" aurkeztea mundu osoari. Surrealista dirudi, baina bereziki arduragabea da, jakinda botere politiko eta militarra chavisten esku dagoela. Jakin badakite gainera irtenbide politikoa ez dela helduko chavistak baztertuz.

Oposizioak indarra duela ezin da ukatu, baina Asanbladako presidenteak historikoki oposizioak pairatu duen zatiketa irudikatzen du egun, bereziki interbentzio militarra eskatu duten momentutik. Horrek, jendartean –opositoreak barne, noski– gaitzespena eragiten du, “Guaidó fenomenoa” pixkanaka hustuz. Bestalde, Guaidóren oposizioak ezin izan du baliatu eta kudeatu “elektrizitatearen krisia” eta egunotan antolatutako mobilizazio txikiak dira horren erakusle.

Guaidóren mezuari erreparatzea interesgarria da. Venezuelako beste politikari guztiek ez bezala, bere diskurtsoak atzerritar batena dirudi –Venezuelan ohikoa den umore edo ziri eza adibidez–, haren hitzek herrialdetik milaka kilometrora idatzitakoak dirudite. Edonola ere, Guaidóren hitzartzeak ez dira historiara pasako duten mailagatik.

Badirudi egoera aldatu daitekeela dirudi eta herrialdearen politika zerotik berrabiatzera doa. AEBek iragarritako "aukera guztiak mahai gainean daudela" dioen tesiaren zirkulua ixtera doa, eszenatoki berriak ekarriz. Ziurrenik aukerarik bortitzenak edo behintzat oraingo egoera baino bortitzagoak.

Balizko eszenatoki horien artean, Kolonbiako mugako egoerak rolik inportanteena jokatu dezake. Azken asteetan, esaterako, Kolonbiako bake prozesuaren ondorioz desmobilizatutako talde paramilitarrek arazo ugari eragin dute, bereziki Tachira estatuan, non Venezuelako indar militarren kontrola ez den erabatekoa. Bestalde, Kolonbiako talde paramilitar aktiboen infiltrazio saiakerei so egin beharko zaie. Porrot egindako Kolonbiako bake prozesutik irten berri diren gerrilen jarrera –ELN edota FARC– erabakigarria izan daiteke, iraultza bolibartarrarentzat ezezik proiektu bolibartar kontinentalarentzat ere.

Fuente
https://www.argia.eus
Categoria