Eli Gallastegi Uriarte. 130 urte

Eli Gallastegi
Julen Orbea

Bilboko Alde Zaharreko Iturribide kalean jaio zen, 1892ko uztailaren 20an. Euskal independentismoaren politikari bikainenen artean egon arren, historiografiak eta irakurketa alderdikoiek ia erabat baztertu dute haren ekarpena, JM Lorenzo Espinosak Txalapartarekin argitaratutako Gudari, una pasión útil liburuan agertzen den bezala.

Gallastegiren lehen militantzia berreskuratu berri zuen euskara irakastea izan zen Bidebarrieta kalean, Juventud Vascaren (Euzko Gaztedi) egoitzan. Euskaltzale Bazkuna taldeak antolatutako ikastaroetan ikasi zuen. 1916. urtean Bilboko Aberri astekaria argitaratzen hasi ziren, eta Gallastegik Gudari ezizena erabiliz idazten zuen.

Kubako eta Filipinetako independentziak, Indiako prozesuak (Ghandi eta desobedientzia zibila miresten zituen), Lehen Mundu Gerrak, 1917ko Urriak, Rifeko deskolonizazioak eta batez ere Irlandako independentziak begirada berri bat ekarri zuten EAJko gazteriaren artean. Gallastegi Juventud Vasca-ko lehendakari izendatu zuten, eta jarraian, 1920ko martxoan Bizkai Buru Batzarreko kide bihurtu zen. Aurreko abertzaleek ez bezala, pentsamolde berritzaile, ezkertiar edo aurrerakoiak agertu ziren, horien artean gizarte klaseen borroka eta langileen eskubideak topatu daitezkeelarik. EAJ alderdi kontserbadore, estatutista, ultrakatoliko eta eskuindarrekin etengabeko eztabaidak izan zituzten gazte haiek.

Gazteek erabateko independentzia eskatzen zuten Espainiatik eta Frantziatik. Eta Kapitalaren eta Lanaren arteko ezberdintasunak eta konfrontazio sozialak egotea ukatzen zituen Alderdia birfundatzearen alde zeuden. 1921ean gertatu zen EAJren zatiketa, eta aldaketa sakonak ekarri zituen. 1922ko apirilean Emakume Abertzale Batza sortu zen, Ambrose Martin O'Daly irlandarrak hitzaldia eman eta hilabetera. 1923an Mendigoizaleen Federazioko presidente hautatu zuten Gallastegi. Urte hartako abuztuaren 24an, Alderdi Komunistaren egoitzaren aurkako poliziaren erasoaren ondorioz, Bilbon, bertako bi militanteren heriotza salatu eta komunistekin elkartasunez, Gallastegik artikulu bat idatzi zuen. Euskal nazionalista batek publikoki bere elkartasuna komunistekiko erakutsi zuen lehen aldia zen. Primo de Riveraren diktadura ezartzearekin ekintza politikoak klandestinitatean egin behar izan ziren, kirol edo kultur erakundeen jardunean kamuflatuta. 1925eko maiatzaren 3an, 500 bat abertzaleren bilera bat antolatu zuten era klandestinoan, polizia bertaratu zen, eta Gallastegi erbesteratu behar izan zen.

Lehenengo Lapurdin, eta ondoren Mexikon exiliatu zen, bere emazte Margarita Miñaur Mujika eta bere seme Ikerrekin. Erbestean Maciá katalanarekin harremanak sendotu zituen, eta Patria Vasca aldizkaria sortu zuen «munduko herri guztiei, handi zein txiki, zuri eta koloredun, kontinente bateko edo besteko, beraien bizitza esnatzen eta aberria esklabotasunetik libratzen ahalegintzen jakin izan dutenei» beste herriekin elkarlanera irekia. Erbestetik bueltan berriz atxilotua izan zen, eta 1932ko irailaren 17an, Euskal Gaztediko beste kide batzuekin batera, ezagutzen den euskal preso abertzaleek egindako lehen gose greba egin zuen, beste gaietan bezala Irlandako adibideari jarraituz. Egun horretan bertan, Bizkaiko Mendigoxale Batza argitaletxea Jagi-Jagi egunkaria argitaratzen hasi zen. 1934an EAJ utzi zuen, espainiar Errepublika defendatzen zutelako. 36ko Gerran, Elias Gallastegi Uriartek euskal nazionalismoaren baitan oso gutxiengo zen posizioa mantendu zuen, gatazkan neutraltasuna defendatuz euskaldunentzat arrotza jotzen baitzuen Espainiar Gobernua defendatzea. Luis Arana eta Candido Sasetaren ekimena lagundu zuen, gatazkaren izaera independentziaren aldeko kanpaina bihurtzeko asmoz.

Bilbo erori baino egun batzuk lehenago, estatu frantsesera ebakuatu zuten. Handik Irlandara joan zen, eta han bizi izan zen familiarekin 1958ra arte. Gero Lapurdira itzuli zen, eta bere bizitzako azken urteak han eman zituen. Gazte belaunaldi berri batekin harremanak izateko aukera izan zuen, askatasunaren aldeko borrokak eta erresistentzia antifaxistak bat egin zuten katebegian. Jose Antonio Etxebarrieta urtebetez egon zen bere etxean bizitzen, esaterako, eta ohikoa bihurtu zen ETAko lehen exiliatuak Gallastegitarren etxean egotea.

Ez zen berriz bere jaioterrira bueltatu, eta Donibane Lohizunen hil zen, 1974ko urtarrilaren 25ean. Haren hiletan ETAko militanteak, EAJkoak eta erbesteratuak bilduta ikusi ahal izan genituen.

Bizi izan zuen garaian bizita ere abertzaletasunaren barnean eman izan diren talka eta gertakizun batzuk aurreikusi edo igartzeko gai ere izan zen, herrikideen aurka oldartuko ziren autonomistak kritikatuz. Bere garaiko arazoen inguruko irakurketak eta eman zien tratamenduak euskal iraultzaren klasiko bihurtzen dute. Belaunaldien arteko loturarik sendoenak osatu zituen, Telesforo Monzonek egin zuen bezala. Bere garaiari aurreratu zitzaion abertzalea izan zen, eta herri ikuskera berritua ekarri zigun.

Haren senideen hitzetan, «herri eraikuntza izateko eta bizitzeko modu bat zen». Aurreko mendeko 20ko hamarkadan gerrari, soldaduskari, espetxeei egiten zien kritikak, Euskal Herrira etorritako emigranteekiko edo herri zapalduekiko zuen elkartasunak, begirada humanistak eta burujabetza osoaren defentsak euskal ezker modernoaren zutabe bihurtzen dute, eta 130 urte ondoren badugu zer ikusi, nondik ikasi; eta Bilboko Iturribide kaleko bere jaiotetxean dagoen plakak jartzen duen bezala: Argia biztu, herriak bidea argitu dagian.

Fuente
https://www.berria.eus
Categoría