«Eskaini diguten 'bake akordioa' ez dugu sinatu, berriz ez errepikatzea nahi dugulako»

Miguel Angel Llamas 'Pitu'
Naiz
Entrevista a
Miguel Angel Llamas 'Pitu'

Ahotsa.info-ko kamera bati isuna jarri zioten lanean ari zela, bere grabaketak udaltzainaren kontakizuna agerian utzi ostean Iruñeko Udalak bertan behera utzi du baina hedabideak kereila kriminala jarri du, «inpunitatean pitzadura» eragiteko.

2021eko ekainean Iruñean higiezinen aurka izandako protesta batean lanean ari zela salatu zuten Iñigo Orduña Ahotsa.info-ko kamera. Miguel Angel Llamas 'Pitu' proiektuko arduradunetako batek salaketa hura jarri zuen udaltzainaren aurka kereila kriminala zergatik jarri duten azaltzen izan da NAIZ Irratian.

Zer pasa zen?

Gure kamera protesta grabatzen ari zela udaltzainak agertu ziren eta gazteak identifikatzeaz gain, eta ohiko bihurtu den moduan, kazetaria ere identifikatzera joan ziren. Lanean ari zela adierazi zien, kazetaria zela, baina hala ere identifikatu egin zuten. Momentu baten grabatzeari uzteko esan zioten eta Mozal Legea aplikatuko ziotela irudiak internetera iristen baziren. Eztabaida izan zuten baina ez zen gehiagora joan.

«Udaltzainak Iñigoren ahotan jarri zituen bereak ez ziren hitzak, ‘no ve va a pasar nada, me paso vuestras leyes españolas por el culo’, adibidez»

Hortik hilabete batzuetara iritsi zen isuna. Baina, isunean, udaltzainak adierazten zuena ez zen egia. Nolabait larriago bihurtzeko hainbat gezur bota zituen poliziak atestatuan. Iñigoren ahotan jarri zituen bereak ez ziren hitzak, «no ve va a pasar nada, me paso vuestras leyes españolas por el culo», adibidez. Iñigok garbi esan zuen, «nik hori ez nuke inoiz esango, are gutxiago polizia baten aurrean».

Alegazioak aurkezteko lehenbizi udaltzainari ia bere hitzetan berresten zen galdetu genion, eta hala egin zuen, atestatu osoa berretsi zuen. Orduan aurkeztu genuen gure bideoa. Iñigori ez grabatzeko esan zioten baina grabatzen jarraitu zuen eta bertan ikusi eta entzun daiteke gertatu zena egiaz.

Dokumentatua duzue, beraz...

Autodefentsarako mekanismo gisa askotan egiten duguna grabatzen jarraitzea da. Kamera jaisten duzu baina grabatzen jarraitzen duzu. Kasu honetan lortu duguna da askotan gertatzen ez dena, gure burua defenditu ahal izateko froga bat izatea. Alegazioak aurkeztu genituenean bideo honekin udaletxeko abokatuak isuna bertan behera utzi zuen. Nik uste dena oharkabean pasatzea espero zutela; baina, noski, hemen delitu larri bat dago!

«Dokumentu publiko bat faltsutzea delitu larria da, are gehiago funtzionario publiko batek egiten badu. Espetxe zigorraz hizketan ari gara, eta ezgaitzeaz. Elementu larrigarri bat ere egon ahal da, asmatzen duen esaldiak kutsu politikoa du»

Isuna bertan behera utzi dute?

Bai. Beraiek aurkeztu diguten 'bake akordioa' ez dugu sinatu. Zergatik? Hor ikusten dugu polizia batek delitu larri bat egin duela eta behin egin badu, pentsatzekoa da ohikoa ere izan daitekeela. Nahi duguna da hori berriz ez errepikatzea.

Delitu larria diogu dokumentu publiko bat faltsutzea delitu larria delako, are gehiago funtzionario publiko batek egiten badu. Espetxe zigorraz hizketan ari gara, eta ezgaitzeaz. Uste dugu, gainera, elementu larrigarri bat ere egon ahal da, asmatzen duen esaldiak kutsu politikoa du eta argi dago Iñigoren aurka egin dutela Gazte Komunisten ekintza bat kubritzen ari delako, badakite Ahotsakoa dela gainera... nik uste hori kontuan hartu behar dela. Uste dugu horrelako funtzionario batek ezin duela zerbitzu publikoa ematen egon, eta hori izango da gure helburua, pertsona hau zigortzea eta ez dadila egon lan hori egiten.

Poliziaren hitzaren balioaren aurrean babesgabe sentitzen zarete?

Mozal Legean poliziari aitortzen zaio pisu jakin bat, diotena egia dela. egiazkotasun printzipioa. Kontzeptu horren atzean dagoena da polizia baten hitzak zureak baino askoz gehiago balio duela eta epaileek beti beraiei emango diela arrazoia ez badago kontrako froga indartsu bat bere hitzak deuseztatzen dituena. Printzipio horrek ardura ere suposatu beharko lieke, euren hitza modu arduratsu batean erabiltzekoa. Guk ikusten duguna da askotan printzipio hori erabiltzen dutela abusu gisa. Ziur aski denok ezagutzen dugu herritarren bat abusu hori sufritu duena.

«Ikuspegi juridiko batetik abokatuek oso argi ikusten dute badugula arrazoia eta baditugula frogak. Udaltzain horren etorkizuna nahiko beltza da»

Abusu horiek inpunitatetik ateratzea bilatzen dugu, inpunitatean pitzadura txiki bat sortzea. Bestetik, jendea animatu nahi dugu horrelako egoerak dokumentatzera: grabatzea bideoz, audioz... Batzuetan beldurra ematen digu, noski. Poliziek bilatzen duten lehen gauza 'deje de grabar' izan ohi da; ados, agian irudia ez dizut grabatuko baina mugikorra audioa grabatzen ari bada, bada zerbait... Egoera horiek dokumentatzea gure eskubidea da, beste kontu bat da gero horien zabalpena, baina gure eskubidea da eta gure burua defenditzeko froga ba izan daiteke.

Ezagutzen duzue antzeko kereilaren baten aurrekaririk?

Gure inguru hurbilean ez, kazetari baten aldetik gutxienez. Hau izan daiteke lehena, ez nago ziur baina Iruñeko Udaltzaingoaren aurka bai. Ikusi behar dugu zer bide irekitzen duen, baina zerbait garrantzitsua izan daiteke.

Epaiketara iritsiko dela espero duzue?

Ikuspegi juridiko batetik abokatuek oso argi ikusten dute badugula arrazoia eta baditugula frogak. Udaltzain horren etorkizuna nahiko beltza da. Guk ez dugu inor espetxean sartzeko asmorik, baina pertsona horrek lan horretan ez jarraitzea nahi dugu.

Ikusi beharko da zer gertatzen den, Nafarroako justizia nola dagoen badakigu eta ez dakigu zer bide hartuko duen, baina espero dezagun epaiketara iristea, kereila honetan baditugu esperantzak.

Eta ez duzue beldurrik Ahotsaren aurkako errepresaliak izateko?

Dagoeneko ari da gertatzen hori. Azken garaietan isun batzuk jaso ditugu, bereziki Iñigori tokatu zaio, erasoren bat ere izan da... jazarpen hori ari da dagoeneko ematen. Ez soilik Ahotsaren aurka, horrelako egoera batean edozein kazetariren aurka ematen den jazarpena da.

Iñigok adierazi du beldurra baduela, noski, askotan tokatzen zaio poliziekin parez pare egotea. Baina berak ere uste du honekin bere burua defenditzen ari dela. Salaketa egiteak bere burua defenditzeko balioko dio eta inpunitate horrekin amaitzeko.

Fuente
https://irratia.naiz.eus/
Categoría