Angelin Aldanaren Omenez

Venezuelako Euskal Deportatu eta Iheslari Politikoen Kolektiboa
Venezuelako Euskal Deportatu eta Iheslari Politikoen Kolektiboa

Memoria dugun ezkeroztik,  erbestea izan da  estatuek ezarri diguten mendekuetariko bat euskaldunoi. Honekin batera, presondegia, tortura, dispertsioa, bortxaketak eta erailketak.  Helburua, Euskal Herritarron kontzientzia eta borrokarekin  bukatzea, azken finean, Euskal Herri libre eta subirano baten ametsa akatzea.

Guzti hori ezagutu zuen orain 3 urte  Venezuelan joan zitzaigun Angel  Aldana kideak, bere bizi osoa Euskal Herria askea ikusteko ametsa bizi izan zuelako. Erbestea Iparraldean, Republica Dominikanan, Ekuadorren, Panaman, Venezuelan, torturak Estatu espainolean, eta bortizki Ekuadorren, eta hala ere, inoiz ez zuen bere burua makurtu eta azken arnasaraino, argi izan zuen gure etorkizuna, Euskal Herriaren etorkizuna, borrokaren bidetik helduko zela, inork ez zigula ezer oparituko. Gutako askorentzat exenplu bat bihurtu zen.

Gaur oraindik, euskaldunok, Madrilen eta Parisen mespretxua besterik ez dugu jasotzen, herri bezala dagozkigun eskubideak zapalduz. Munduan zehar oraindik dozenaka erbesteratuk jarraitzen dute, batzuk deportatuta, inongo estatus juridikorik gabe, beste batzuk berriz, espainiaratuak izateko beldurrez eta ezkutuko bizitzara kondenatuak. Bestalde, ehunka anai arreba preso, dispertsioa, presioak, mespretxua eta bakardadea pairatzen, argi baitute, preso eta iheslariak zigortzeak, Euskal Herria zigortzea dutela helburu.

Madrilen zein parisen nork gobernatzen duen, ez du inongo ezberdintasunik. Eskuina denean badakigu egurra datorrela, sasi sozialistak direnean, irudi ezberdin bat irudikatu nahi izan arren, ezer gutxi aldatzen da Preso eta Iheslarien egunerokotasunean.

Azken urteetan, Euskal Herriak abiatu duen ibilbide sozial politiko berriak argi erakusten digu, estatuek, hamarnaka urtetan  bizitako gatazka gainditzeko borondate eza. Preso gutxi izan dira gerturatuak, Euskal Herriak gehiengoz agertutako sentimenduari muzin eginez eta beraien eskubideak zapalduz. Azpimarratzekoa gaixo larriak pairatzen dituzten preso anai arreben bahiketa egoera.

Errealitate gordin honek, argi erakusten digu, Madril eta Parisentzat Euskal Herriaren aurkako  estrategian, xantaiarako txanpon bat besterik ez garela.

Hala ere, gure Angelinek bizi osoan erakutsi zigun bezala, Euskal Preso eta Iheslari Politikoek ez dugu amore emango. Gure herritik eta bidean galdutako anai arreben memoriak ematen digute indarra. Angelin dugu adibide garbia, eta indar hori ez da inoiz agortuko.

Gure herriarekiko konfiantza osoa dugu, herria dugu arnas. Ziur gaude Euskal Herriak askatasunaren bidea aurkituko duela eta helduko dela memoriaren garaia, herri libre  batean bizitzeko garaia, eta hori izango da Angelin Aldana kideari eta bidean galdutako anai arrebei eskainiko diogun omenaldi onena.

Hiru urte joan zaikigu, baina Angelinek gure bihotzean darrai.

Venezuelako Euskal Deportatu eta Iheslari Politikoen Kolektiboa.