Simon Bolibarren figura goraipatu dute bere jaiotzaren 241. urteurrenean

La figura de Simón Bolíbar ha sido elogiada en el 241 aniversario de su natalicio
Zaloa Badiola Perez / Ziortza-Bolibar

Gaur [uztailak 24] omenaldia egin diote Ziortza-Bolibarren, eta zenbait arduradun bertan izan dira. Egitaraua egun guztira luzatu dute.

Gaur [uztailak 24] duela 241 urte jaio zen Simon Bolibar, eta bere jaiotzaren urteurrenean, urtero bezala, omenaldia egin diote Ziortza-Bolibarren. Aurten gainera egun osoko egitarau “zabala” prestatu dute. Arratsaldean, D’Capricho taldearen kontzertua eta ‘Eraitsi S.L.’ antzezlana egongo dira. Bertan izan dira Lea-Artibaiko herrietako alkate eta zinegotziak, baita EH Bildu eta EAJko ordezkariak eta Venezuela eta Kolonbiako kontsulak ere.

Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak Simon Bolibarren figura aldarrikatu nahi izan du. Horretarako, hainbat arrazoi daudela azaldu du. Hain zuzen ere, Bolibarrek Euskal Herria eta Latino Amerikaren arteko harremanak irudikatzen dituela esan du, “hobetzeko eta sendotzeko baliagarria delako”. Bolibarren senideek herritik alde egin zuten eta Venezuelara arteko bidea osatu zuten. Orain “kontrako bidea” ematen ari dela azaldu du, eta “besoak zabalik” jasotzen dituztela esan du. “Bizi proiektu berri bat sortzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu”.

Era berean, jatorri euskalduneko izanik, euskal nortasunaren gorazarrea egin du Larizek, batez ere euskararena. “Horretarako, euskara ikasteko aukera errealak eman behar dira, baita doakoa ere. Gaur egungo legeekin ez dugu euskara nahiko babesten, arnasguneak babestu behar dira eta jauzi bat eman beharra dugu euskaldunon hizkuntza kolektiboen errekonozimendua egiteko”. Azkenik, bide beretik jarraituz, Bolibarrek Venezuela, Peru, Kolonbia, Bolivia eta Ekuador askatu zituen bezala, Euskal Herritarren “ahots propioa” izateko aukera aldarrikatu du.

“Bizi proiektu berri bat sortzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu”

Oraindik bizirik. Bilboko Venezuelako kontsula Glenna Cabellok gogoratu du Bolibar “oraindik bizirik” dagoela askorengan. Historiaren ikur bat izan zela nabarmendu eta bere “independentziarako pasioa” azpimarratu du. Horregatik, justizia sozialaren aldarrikapen “ozena” egin nahi izan du, betiere historia ahaztu barik: “Bolibarretaz hitz egitea herrien askapenaz hitz egitea da, erabakitzeko eskubideaz eta beraien identitatea defendatzeaz”.

Bertan izan dira ere EH Bilduko zein EAJko ordezkariak. Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak gogoratu du Bolibarren aldarrikapenak haienak egiten dituztela gaur egun. “Asko partekatzen dugu, mina eta sufrimendua batez ere, Maria Mercedes Antxetarena, adibidez. Horren urrun eta hain gertu dauden herriak gara, hitz zaharrak oraindik berriak dira etorkizun hobe baten borrokan”.

ARGAZKI GALERIA IKUSGAI

Mikel Burzako EAJko kanpo harremanetarako idazkariak ere Bolibarren figura nabarmendu du eta historiako “pertsonairik garrantzitsuenetako bat” dela gogora ekarri nahi izan du. Hain zuzen ere, Euskal lurraldeen eta Amerika Latinaren arteko erlazioen ordezkari nagusietako bat dela azaldu du. Gauzak horrela, gogoratu dute domekan [uztailak 28] Venezuelako hauteskundeak direla eta “herriaren ahotsa entzuteko unea” dela.

 

 

 

 

 

 

Fuente
https://lea-artibaietamutriku.hitza.eus/
Categoria