Euskal iheslarien bizipenetan oinarritutako nobela berria dakar Ataramiñek

Mikel Korta, Arantza Eziolaza eta Oier Gonzalez ‘Órale compadre...¡Nos vemos en Iparralde!’ liburuaren aurkezpenean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Iraide Ibarrondo

Ataramiñek ‘Órale, compadre… ¡Nos vemos en Iparralde!’ nobela argitaratu du. Fikziozkoa izan arren, liburuak euskal errefuxiatuen bizipen errealetan oinarritutako pasarteak kontatzen ditu.

Ataramiñek, euskal preso eta errefuxiatuen sormen lanak argitaratzen dituen elkarteak, liburu berri bat aurkeztu du ostegun honetan Bilboko Bira Kultur Gunean. Nobelak ‘Órale, compadre….¡Nos vemos en Iparralde!’ du izenburu, eta fikziozkoa den arren, euskal iheslariek pairatutako bizipen errealetan oinarritzen da. Arantza Eziolazak, egilearen arrebak, egin du Jose Luis Eziolaza errefuxiatu politikoaren eta Ataramiñe elkartearen arteko bitartekari lana.

Ataramiñe elkarteko Oier Gonzalezek azaldu duenez, eleberriak mugaren beste aldeko bizipenak kontatzen laguntzen du, Euskal Herriko gatazka deskribatzen lagunduko duen beste ahots bat opatuz: «Ez gatoz gatazka kontatzera, baizik eta gatazkaren izaera poliedrikoari beste ertz bat jartzera».

Bestalde, Eziolazak adierazi du liburua nebari egindako bisitetan zehar entzundako eta batutako istorioekin osatu duela poliki-poliki. «Bere hitzak dira, ez nireak», zehaztu du. Horri, euskal iheslarien egoera «mundu mundialeko gauza ezezagunena» dela eta eleberria errealitate hori kontatzeko «ate bat» izatea espero duela gehitu dio.

Era berean, Eziolazak exiliatuta egotea eta libre egotea ez direla gauza bera nabarmendu du eta adierazpena azaltzeko bere nebaren gogoeta bat mahaigaineratu du: «Nire nebak beti esaten zigun exiliatu eta euskal preso baten arteko desberdintasuna, presoaren kasuan, ziegako giltza kartzelariak zuela zela. Eta, exiliatuaren kasuan, kontrara, norbera izan behar zela bere burua giltzaperatzen zuena».

‘Órale, compadre…¡Nos vemos en Iparralde!’ eleberria Durangoko Azokari begira argitaratu dute eta ohiko liburudendetan salgai dago jada.

Erbesteratuak datuetan

Liburuaren aurkezpen ekitaldian Sortuko Mikel Korta ere izan da eta egun erbestean bizi diren iheslarien egoera ulertarazteko gako batzuk eskaini ditu. Guar egun, 35 iheslari daude exiliatuta eta 8 deportatuta.

Dena den, Euskal Herrian, 60. hamarkadatik hona, «2.500-3.000 lagun» erbestean bizitzera «kondenatuak» izan direla ekarri du gogora Sortuko kideak. Orotara, 383 kanporatze edo entrega izan zirela zehaztu du eta, horietatik 158 lagunek, gutxienez, «torturatuta bukatu» dutela salatu du Kortak.

Are gehiago, Sortuko kideak plazaratu duenaren arabera, 60. hamarkadatik hona 272 estradizio edo euroagindu eta 70 deportazio eman dira. Deportazioa jasaten ari zirela, 12 lagun hil ziren.

Hortaz gain, Kortak jakinarazi du, 12 deportatu horiek barne, 84 izan direla guztira atzerrian hil diren errepresaliatu politikoak eta horietako 25en heriotzen erantzulea «gerra zikina» izan dela.

Fuente
https://www.naiz.eus/
Categoria