Indarkeria matxistaren aurkako mezu ugari, «dena egiteke» dagoen gizarte batean

Iruñean arratsaldean egin duten manifestazioa
Naiz

Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean instituzioen adierazpen ugariren mezuak zabaldu dira, arazoari aurre egiteko konpromisoak finkatuz. Mugimendu Feministak arratsaldean deitu ditu mobilizazioak «Dena esanda dago, dena egiteke dago» lelopean. Iluntzean egin diren mobilizazioetan milaka lagun elkartu dira.

Erakunde gehienetan adierazpenak onartu dituzte ordezkari politikoek eta hainbatetan mezuak kalera eraman dituzte elkarretaratze isiletan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak arratsaldean deitu ditu mobilizazioak «Dena esanda dago. Dena dago egiteke» lelopean eta milaka lagun elkartu dira karriketan Bilbon (Jesus Bihotzetik abiatuta), Donostian (Alderdi Ederretik), Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plalazatik) eta Iruñean (Gaztelu plazatik).

Iruñeko mobilizazioaren ostean irakurri den manifestuan «ez dugu nahi hitz politez betetako diskutsorik» aldarrikatu dute.

«Baturik gaudela, indartsu garela eta borrokan segituko dugula jakin behar dute guztiek. Manifestazioan egoterik izan ez dutenak ere ikustarazi nahi izan dugu», adierazi du Bilbon Feminista Saretzen taldeko eledun batek.

Gasteizko Udalak emakumeekiko indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko konpromisoa agertu du goizean zabaldu duen adierazpen batean. Eudelen testua da onartu dutena, eta udalak herritarrengandik gertuen dauden instituzioak izanik biktimei eman beharreko arretaren garrantzia nabarmendu dute. Ildo horretatik, Miren Larrion EH Bilduko bozeramaleak erreparazioari begirako herri mailako interbentzioaren garrantziaz ohartarazi du.

Iruñean, Enrique Maya alkateak erakundeetatik «gogor lan egitera» deitu du, eta Udaletxea more kolorez argiztatuko dutela esan du, «hala egiteko elkarteen eskaerei erantzunez».

«Ez zaudete bakarrik» esan die Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei eta gaineratu du instituzioek «ahalik eta irtenbide onenak» eskaintzeko lanean jarraituko dutela.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan duen Lakuako Gobernuaren elkarreratzean egon da Landaida. Bertatik adierazi du indarkeria matxistaren aurkako borrokan EAEko instituzioek ez dutela atzerapausurik baimenduko.

Adierazpenetatik errealitatera salto eginez, gaur bertan Barakaldon bi seme-alabaren ama eta indarkeriaren biktima den emakume baten etxegabetzearen aurkako protesta deitu dute Berri-Otxoak plataformak eta Argitan zentroak. Bihar izango da elkarretaratzea, baina salaketaren nondik norakoak azaldu dituzte, etxegabetzea Lakuako Gobernuko Alokabidek bultzatutako neurria baita, eta ez Urkulluren Exekutiboak ezta Udalak ere ez dute irtenbiderik eman, diotenez.

Arartekoak zenbait datu nabarmendu ditu zabaldu duen adierazpenan, adibidez hiru emakumetik batek indarkeria fisiko eta sexuala pairatu duela. «Sistema judizialean aldaketa sakonak eskatu ditu, baita «isiltasunaren kulturarekin bukatzea» ere. «Kultura horrekin bukatzeko funtsezkoa da justizia sistemak era sakon batean eraldatzea eta politika publiko guztietan genero perspektibak eraginkorki txertatzen direla ziurtatzea», zehaztu duenez.

«Lantegietan, autodefentsa feminista»

Sindikatuek deituta, mobilizazioak izan dira eguerdian Hego Euskal herriko lau hiriburuetan. LABek «Saretu, elkartu, salatu eta borrokatu. Lantokietan autodefentsa feminista» leloa erabili du gaurko egunaren harira eta elkarretaratzeak egin ditu Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean, Lan Ikuskaritzen egoitzen aurrean. Ohar batean dioenez, lantokietan «babes falta» igarten da eta «jazarpenari aurre egiteko ez dago ez mediorik ez borondaterik». «Lantokietan autodefentsa feministara joko eta ekintza sindikalarekin erasoei erantzungo diegu», diote.

ELA ere kalera atera da, «Indarkeria matxistarik gabeko lan eta bizitzak. Despatriarcalizando el trabajo» lelopean.

UGTk mobilizazioa egin du goizean eta baliabideak eskatu ditu indarkeria matxistaren biktimen kontratazioei laguntzak emateko.

«Bultza dezagun olatu erraldoia»

«Bultza dezagun olatu erraldoia emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko» izenburua duen testua zabaldu du EHUk eta Estatu mailan indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko dagoen akordioa eta Istanbuleko hitzarmena betetzearen beharra nabarmendu du.

«Gizartearen sektore atzerakoien misoginia indartsua» aipatu ditu, baita maskulinitate «eredu toxikoak» edota «sexismo errotua eta basatia» ere. Adierazi duenez, emakumeen kontrako indarkeria «ezin da justifikatu, ez ezkutatu ezta isilarazi ere».

Fuente
https://www.naiz.eus
Categoria