Egoitz Urrutikoetxea "Frantziak erabaki politiko garrantzitsua izango du hartzeko"

Egoitz Urrutikoetxea
Maider Galardi F. Agirre
Entrevista a
Egoitz Urrutikoetxea

Egoitz Urrutikoetxea ez da «harritu» bere aitaren atxiloketarekin, Espainia eta Frantzia «iraganean katramilatuta» daudela uste baitu. «Agertoki demokratiko» bat eskatu du Euskal Herriarentzat.

Aitaren atxiloketak «iraganeko garaia» gogorarazi dio Egoitz Urrutikoetxeari (Baiona, 1974). Espainiako eta Frantziako estatuek dituzten botere lehiei egotzi die atxiloketa, eta salatu du belaunaldi berriek gatazkaren ondorioen «sufrimenduarekin» bizi beharko dutela. Euskal Herria etorkizunari begira dagoela, eta aitaren atxiloketarekin «errealitatearen abstrakzioa» egin dela uste du. Bide berriak asmatzen segitu behar dela dio, «agertoki demokratiko baterako».

Goizaldean atxilotu zuten zuen aita. Nola hartu duzue albistea? Ze balorazio egiten duzue?

Goiz honetako [atzoko] berriak iraganeko egoera batera eraman gaitu. Berria digeritu, eta horrek ekarriko duen soka luzeak sortzen dituen kezken bueltan aritu gara. Komunikabideek zabaltzen duten zaborraren artean, zer gertatu den, non dagoen... jakitea izan da lehen gauza. Hortik aurrera, ahalik eta informazio gehiena biltzen aritu gara.

Espero zenuten atxiloketa?

Ez dakit. Badago borondatea iraganeko testuinguru batean katramilatuta gelditu gaitezen. Hortik datoz [Espainiako eta Frantziako] estatuetako ordezkarien hitzak eta lekuko politikari batzuenak. Eta kazetarien jarreraz gauza asko esan daiteke. Kazetari batzuek eraman dute hezur goxo bat ahora, zirku mediatikoa elikatzeko. Gertakaria testuingurutik atera dute, eta botereguneetatik hedatzen den informazioarekin itxuraldatu dute. Euskal Herriak bizi duenaren erabateko abstrakzioa egin da, eta hori da gehien txunditzen nauena.

Atxilotu ostean, ospitalera eraman dute aita. Osasun arazoak direla eta?

Ospitalera eraman dute, prozeduraren barruan, osasun azterketa bat egiteko. Azken berrien arabera, ospitalean egon ostean, berriz ere jendarmeriara eraman dute, eta, ondoren, Parisera. Ez dut nik bestelako berririk.

Aipatu da bazirela beste atxilotu batzuk. Soilik zure aitaren aurkako operazioa izan dela uste duzu ala testuinguruan kokatu behar da?

Ez nintzateke ausartuko hori erantzutera. Atxilotu dute nire aita. Frantzian jasotako bi zigorrak jakinarazi dizkiote, eta, orain, Parisko fiskaltzaren menpe dago, baina, ulertu dudanez, ez dago beste prozedurarik zabalik. Uste dut berarekin atxilotu duten laguna lekuko gisa deklaratzera eraman dutela eta aske dela. Oraingoz. Gero, ikusiko da prozedura irekiko duten ala ez. Fiskaltzak hartu beharreko erabakia da hori, ea prozedura irekitzen duen jende horren kontra aitari babesa eta laguntza ekartzeagatik, ala ez.

Frantziak eta Espainiak elkarrekin egindako operazioa izan da.

Ez dakit botere gerla bat dagoen, baina dakidana da Frantziak erabaki garrantzitsuak hartu beharko dituela datozen hilabeteetan nire aitaren egoerari dagokionez. Ez bakarrik aitaren egoerari dagokionez. Berea, ordea, berezia izango da, bakarra delako oraindik epai bidean dagoena. Espainiak hori instrumentalizatzeko borondate handia izango du, eta Frantziak erabaki politiko oso handia izango du hartzeko: ea lerrokatzen den Espainiarekin, ala gai jakin batzuetan urratu duen bide propioetan segituko duen.

Frantzia Espainiarekin lerratu dela uste duzu?

Frantziak ez du komunikatu deus; beraz, ez dakit. Beraiek jakinen dute zein testuingurutan egin duten hori, eta datozen urratsak zein diren. Guk, orain, bisiten bidea hartuko dugu, eta kito.

Bake Bideak gaitzetsi du Frantziak esan izana presoen eta gatazkaren konponbidearen auzian urratsak egingo dituela, eta, ondoren, zure aita atxilotzea.

Ez dakit ulertezina den ala ez, baina, egiari zor, ni ez nau harritzen gertakari honek. Estatuek ez dute inolako borondaterik iraganeko eskemetatik atera gaitezen. Badut inpresioa ilargia izendatzen duen hatzari begiratzen jarraitzen dugula. Gatazkaren ondorioei begira ari gara, gatazkaren iturburua nola askatu gogoetatu beharrean. Horrek kezka eragiten dit. Eraso hauek ez dira bakearen aurkako erasoak soilik. Guk eta haiek bakearen inguruan dugun zentzua ez da bera. Demokrazian zedarritzen den beste kokaleku bat eraikitzeko saiakerari erasoa da hau.

2015eko zure atxiloketa Espainiako hauteskundeekin lotu zenuen. Aitarena ere lotzen duzu hauteskunde garaiekin?

Nire irudiko, gaurko gertakaria kokatu behar da Frantzian zein Espainian gertatzen ari den inboluzio autoritarioaren barnean. Ez bakarrik Frantzian eta Espainian. Estatuen itsukeriaren aurrean erresistentziaren bidea hartu dutenak umiliatzeko egiazko borondatea dago. Hortik nekez aurkitu daiteke aterabiderik.

Zer aterabidez ari zara?

2009an, ezker abertzaleak egin zuen estrategiaren aldaketaren hautua, eta, 2018an, erakundeak [ETAk] hartu zuen erabakiak ongi aditzera ematen du zein den herri honentzat hartu zuten hautua: agertoki demokratiko bat eraikitzea. Saiatu nahi dute horri eraso egiten, eta uste dut, preseski, indarrak hor jarri behar ditugula.

2009 eta 2018 aipatu dituzu. Aita giltzarri izan zen garai horietan?

Errango nuke ezker abertzaleko beste kide askok bezala, guztien erantzukizuna izan dela Euskal Herrian beste agertoki bat irekitzea, eta, bi estatuek aldi guztiz ateak ixtean, alde bakarrez eraikitzen ari dela bide hori. Ariketa kolektibo baten emaitza izan da. Horrek, halere, eraman behar gaitu jabetzera estatuak zertan diren. Gaurko [atzoko] egoerak argi adierazten du hori. Dramatikoa zera da: asko hitz egiten dugu sufrimenduaz, baina gertakari honekin zer ematen dute argira berriro? Seme-alabek, bilobek... berriz ere espetxerako bidea hartu beharko dutela beren aitona bisitatzeko. Hori da errealitatea.

Aitak engaiamendu hori izateak eraman zaituzte aurrez sufrimendu horretara? Sasian izan da urte askoan.

Bai. Nik pentsatzen dut badagoela herriarekiko konpromiso bat, eta horrek bide bat irudikatzen du. Hor dago gakoa. Bide horrek, nahiz eta sufrimendua eragin, merezi duela. Iruditzen zait badagoela fetitxismo anitz iraganari loturikoa, eta badago eufemismo anitz ere. Gure belaunaldiak pairatu duen gatazka hau orain gure atzetik diren belaunaldiei biziarazi behar izateak urradura eragiten du.

Fuente
https://www.berria.eus
Categoría