Eugenio Barrutiabengoa «Arbe»: “Etxera bueltatu nahi dut, hemen gauden guztiek bezala”

Eugenio Barrutiabengoa
Zigor Olabarria
Entrevista a
Eugenio Barrutiabengoa

Eugenio Barrutiabengoa Arbe arrasatearra 1978an errefuxiatu zen Ipar Euskal Herrian. Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea 1981ean atxilotu zuten lehenbizikoz, eta asignazioa apurtu ostean Baionan bigarrengoz, 1984an. Venezuelara deportatu zuten orduan, María Ángeles Artola bikote eta Komandoetako kide azpeitiarrarekin batera. Aldaketarik ezean, biktimen elkarteek eta Espainiako Gobernuak sustatutako jazarpen judizialaren ondorioz Euskal Herrira bueltatzerik izango ez duten zortzi deportatuetako bat da. Deportatua da eta, gainera, atxilotze agindua du bere aurka.

1996a arte Venezuelako gainontzeko deportatuen baldintza berdinetan bizi zinen. Zer gertatu zen orduan?

[José María] Aznarrek hauteskundeak irabazi eta jarraian sei laguni estradizioa eskatu ziguten. Ni Interpolek atxilotu ninduen, eta istilu handia piztu zen. Batetik, gu hiru estaturen arteko akordioen ondorioz geundelako han. Bestetik, Espainiak ez zituelako prozedura legalak errespetatu, epaile bati ordaindu zion atxilotu gintzaten... Hilabete batzuen buruan, bide legaletik eskatu zuen nire estradizioa. [Hugo] Chávez heldu zen ondoren [1999] eta hilabetero Poliziaren aurrean aurkezteko agindua bertan behera utzi zuen, legez kanpokoa zela argudiatuta.

Baina arazoak ez ziren amaitu, ezta?

2002an atxiloketa agindua eman zuten gure aurka. Handik aurrera bizimodua pixka bat aldrebestu zitzaidan, ezin nuen bizitza normala egin. Ezpata dut buru gainean 1996tik. Nahiz eta nire aurkako kausa, berez, preskribituta egon beharko lukeen. Gauza da estradizio eskaera egitean preskripzio epea zerotik hasten dela berriz: beste 20 urte, beraz.

 "Ezpata dut buru gainean 1996tik. Nahiz eta nire aurkako kausa, berez, preskribituta egon beharko lukeen. Gauza da estradizio eskaera egitean preskripzio epea zerotik hasten dela berriz: beste 20 urte, beraz"

Baina 1996an eskatu bazizuten estradizioa, 2016an preskribitu beharko luke. Atxilotze agindua duzu, ordea.

2016an amaituko zen, baina 2016ko hasieran eskaera berritu zuten, eta kontagailua hirugarrenez jarri zuten zeroan. Ematen du bizitza osorako zigorra dudala. Errefuxiatuei ere egiten diete berdin orain. Orain, nola gutxiago garen, biktimek aukera gehiago dute espediente bakoitzari jarraipen estua egiteko. Pentsa, hemengo errefuxiatu bat kontsulatura joan zen pasaportea eskatzera 2016an. Esan zioten oraindik urte batzuk pasatu behar zutela. Atzo bertan joan zen berriz ere, ustez pasaportea hartzera, eta esan zioten aurreko aldian joan zenean atxiloketa agindua jarri zutela bere aurka, ederki izorratu dute. Orain deportatuen artean ni bakarrik geratzen naiz.

Euskal iheslari eta deportatuen komunitatea handia zen Venezuelan, azken urteetan nabarmen murriztu da. Nola zaudete han jarraitzen duzuenak?

Bizitza asko okertzen ari zaigu. Errefuxiatu asko ginen garai batean, eta gure artean familia bat ginen. Arazorik egotekotan bazenuen jendea. Orain gelditzen garenak gutxi gara, eta ezin dugu bizitza normal bat eraman. Une jakin batean iturria ireki zuten jendea bueltatzeko, baina moztu dute. Lotsagarri ari dira, legearekin zein legez kanpo. Ikusten dugu presoak hurreratzen ari direla han, hemen aldiz, gu gero eta gehiago izorratzen, ez dakit zergatik.

Urteen joana ere nabaritzen al duzu?

Hemen lau deportatu hil dira, gaixotasunekin, eta horrek kolpatu egiten zaitu. 28 urterekin heldu nintzen, orain 65 ditut. Zahartzen goaz, gaixotasunak, Venezuela  jada ez da Chávezen garaikoa, yankien blokeoarekin-eta bizimodua asko zaildu da...

"Bizitza asko okertzen ari zaigu. Errefuxiatu asko ginen garai batean, eta gure artean familia bat ginen. Arazorik egotekotan bazenuen jendea. Orain gelditzen garenak gutxi gara, eta ezin dugu bizitza normal bat eraman"

Venezuelako egoera politikoak zure bizitza baldintzatzen du?

Orain gure egoera ona ez bada, chavismoa eroriz gero oso beltza jarriko zaigu. Biktimen elkarteek-eta Henrique Capriles babesten dute. Caprilesek esan zuen ez lukeela beharko ezta Espainiaren eskaera formala ere gu hara bidaltzeko: “Izenak eman eta denak hegazkin batean bidaliko ditugu”. Fuertea da.

Gatazkako errepresaliatuen artean ahaztuenak izan zarete denbora luzez. Gatazka armatuaren ostean are ahaztuagoak geratzeko arriskua duzuela uste duzu?

Horixe beldurra ematen duela. Memoria borrokatu behar dugu. Irabazten dutenek idazten dute historia, baina guk gurearen alde borrokatu behar dugu. Edonola dela, garrantzitsuena Euskal Herriaren alde borrokatzen jarraitzea da, nor bere herrian, nor bere esparruan, euskara mailan, gero eta larriago dagoen langileriaren alde... Antolatu eta aurrera egin, hori da garrantzitsuena. Eta mesedez, hau jarri, garrantzitsua da eta: nik etxera bueltatu nahi dudala, hemen gauden guztiek bezala.

Fuente
https://www.argia.eus
Categoría