Hegoa Arakama: “Ene aita duela 23 urtetik dago konfinaturik”

Hegoa Arakama
Kazeta
Entrevista a
Hegoa Arakama

Hegoa Arakamak ez du bere aita bisitatzeko posibilitaterik izan azken hiru hilabeteetan, Sevillan baita kartzelaturik 1.000 kilometrora. Iñaki Arakama bere aita dagoen isolamendu moduluan ez dira gutieneko osasun baldintzak bermatzen. Birusa bertan sartuko balitz “sarraski” bat litzatekeela adierazi du.

Zure aita Sevillan dago preso. Nola bizitzen ari zara osasun krisia?

Otsailaren 15etik ez dugu elkar ikusi. Hori da joan ginen azken aldia. Martxoko bigarren asteburua hetsi zituzten presondegiak. Apirileko lehen asteburuan eta ondokoan egon behar izan genuke. Elkar ikusi gabe ari gara eramaten krisi hau, antsietate eta larritasun handiz.

Nola sentitzen da zure aita?

Hastapenean ongi ikusten nuen. Guretzat konfinamendua guztiz berria zen, asko nahaspilatu gintuen. Telefonoz deitzen zuen eta gu lasaitzeko joera izaten zuen. Jakin banekien ere, ohartu nintzen 23 urtez dela konfinaturik eta berarentzat hori ez dela gehiegi aldatu. Baina asteak pasa eta ez du bisitarik eta hori beretzat hutsune handia da. Bisitak momentu zehatza dira, baina baita aitzineko guzia, prestaketa, ondorena, ematen dion energia ere. Beretzat denbora geroz eta luzeagoa dela ohartu gara, nahiz eta ongi eta indartsu izaten jarraitu.

Krisi denbora honetan nola atxikitzen duzue harremana?

Telefonoz komunikatzen segitzen dugu. Asteko zortzi deietik hamabira pasa da. Bideo-deiak plantan ezarri dituzte. Hastapenean, posibilitate hori errefusatu zuen presondegiak, baina errekurtso bat jarri zuten eta azkenean permititu egin diete. Astero hamar minutuko bideo-deia dugula hiru aste pasa dira.

Nolakoa izan zen lehen dei hori?

Momentu oso azkarra izan zen. Denok oso hunkituak ginen. Bai azkenekoz elkar ikusi genuenetik denbora bat pasa delako, eta baita telefono bidez elkar ikusten dugun lehen aldia delako ere. Berak ez du nehoiz telefono bat ikusi, ez bada telebistako iragarkietan. Osasun arrazoiengatik telefonoa ukitzea permititzen ez badiote ere, irrigarria izan zen. Ziega huts batean dira eta Whatsapp aplikazio bidez egiten dira deiak. Momentu on bat pasatzea eta gure etxea erakustea permititzen digu. Bistan denez, honek ez du bisita bat ordezkatzen, baina gehigarri bat da. Usaiaz gu joaten gara hara eta orain, hein batean bera da jiten dena. Gure baratzea erakutsi genion. Landa eremuan bizi gara, beraz, une honetan berde diren Euskal Herriko mendiak erakutsi genizkion, ez du Sevillako isolamendu moduluarekin zerikusirik. Egunero telefonoz mintzatzen bagara ere, momentu hori itxoiten dugu.

Telefonoa eskegitzen duzunean, zer sentsazio izaten duzu?

Ezberdina da. Usaia dugu. Dugunarekin kontent gara, oso positiboa da. Usu, bideo-deiaren ondotik, telefonoz deitzen gaitu eta lehen aldian, laino batean bezala egon zela erran zigun. Azkarra.

Presondegian presoak babesteko neurriak ezarri al dituzte?

Ene aitak hamar urte daramatza bertan, isolamendu moduluan da. Oso guti dira eta preso eta funtzionario guti daude elkarrekin. Badira kasuak, baina modulu arruntetan. Oso presondegi zaila da. Ez dago medikurik eta ez dira gutieneko osasun baldintzak errespetatzen. Dena dago mugaturik. Ziegak eta leku komunak garbitzeko, astean lixiba buxoi baterako eskubidea dute. Funtzionarioek maskak dituzte, baina presoek ez. Janaria kasik ezin janezkoa da. Usu datak gaindituak dituzten jatekoa ematen diete. Birus honen aitzinean erresistitzeko behar ez den sistema immunitarioa. Isolamendu moduluan ez dago kasurik, baina izatekotan, katastrofikoa litzateke. Hatzak gurutzatzen ditugu.

Birusa sartzen bada, sarraski bat izanen da. Ainitz pentsatzen dut larriki eri diren eta adineko presoen ahaideengan. Ene aitak 69 urte ditu, beraz, arrisku taldeko pertsona bat da. Zer baldintzetan pairatu behar du krisi hau? Medikurik gabe, neholako zaintzarik gabe. Higienerik ez den lekuetan, jateko osasungarririk gabe, justuki, indarrak hartzeko dituen beharrak. Urte osoan bizi izaten dugun larrialdiarekin bizi dugu, baina biderkaturik.

Mugak hetsiak dira eta noiz idekiko dituzten ez da jakiten. Nola ikusten duzu bisiten berrabiatzea?

Horretan pentsatzen dugu, baina ez dakigu deus. Diotenez, Espainiako presondegiak idekitzen hasi dira, baina soilik berina bidezko bisitak egin daitezke. Hego Euskal Herrian deskonfinatzen ari dira, baina ezin dute haien hiritik edo herrialdetik atera. Oraingoz, euskal presoek, Euskal Herrian diren gutiek salbu, ez dute bisitarik. Guretzat, Ipar Euskal Herritik, ainitzez konplikatuagoa da. Mugak ekainaren 15ean idekiko dituztela erraten dute, baina batzuetan lehen ministro espainiarrari urrian idekiko dituztela entzuten diogu. Gasteizko gure ahaideekin harremanetan nago, beraz, haiei da joatea erabakitzea. Osasun krisi batean gaude eta aita eta beste presoak zaindu nahi ditut.

Zure bizitzan eta ahaideenean eragin zuzena duten erabaki hauek hartzen dituztenei zer erranen zenieke?

Erranen nuke pertsona hauek badakitela edo nehork baino hobeki jakin beharko luketela presondegia ez dela bateragarria krisi hau gainditzeko prebentzio eta osasun neurriekin. Enetzat, osasun krisiari aurre egiteko presoek etxean egon beharko lukete. Edozein medikuk, zientifikok, ministrok edo politikok daki hori. Egun presoek kondena haien etxean betetzeko aski neurri existitzen da. Hor da Josu Urrutikoetxearen kasua, Ibon Fernandez Iradirena, adineko preso guziena, eta oro har, denena. Gu, herritarrok gauzak neurri murriztaile eta zorrotzez egin behar ditugu eta aldiz, presoak krisiarekin bateragarriak ez diren baldintzetan uzten ditugu.

Fuente
https://www.kazeta.eus
Categoría
Etiquetas