1980ko ‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia aurkeztu du Bilboko Arte Ederren Museoak

‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia Arte Eder museoan. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Asier Robles

Bilboko Arte Ederren Museoak Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala ‘Arrastalu’k 1980an margotutako ‘Lemoiz gelditu’ horma-irudia aurkeztu du. 5x8 metro inguruko tamaina du artelanak eta Herrikoi Topaketak jardunaldietan egin zen.

Bilboko Arte Ederren Museoak ‘Lemoiz gelditu’ artelana aurkeztuko du astelehen honetan. 5x8 metro inguruko tamaina duen horma-irudia da, eta duela gutxi dohaintzan eman zaio museoari. Duela 40 urte margotu zuten Vicente Ameztoyk, Jose Luis Zumetak eta Carlos Zabala ‘Arrastalu’-k, Herrikoi Topaketak izeneko jardunaldietan; Lemoizko zentral nuklearra eraikitzearen aurkako jardunaldiak izan ziren.

1980ko azaroaren 8an eta 9an burutu ziren Herrikoi Topaketak Bilboko Nazioarteko Azoka zaharreko hiru pabiloitan, Euskadiko Batzorde Antinuklearrek eta Euskal Kostalde Ez Nuklearraren Defentsarako Batzordeak antolatuta. Bertan musika, antzerkia, bertsolariak, zinema eta arte eta artisau erakusketak eskaini ziren.

Antolatzaileek Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta eta Carlos Zabala ‘Arrastalu’ margolariak gonbidatu zituzten parte hartzera, horma-irudi bat zuzenean egiteko. Aldamio bat erabiliz eta ikusleen aurrean, hiru artistek ‘Lemoiz gelditu’ izenburua duen lana margotu zuten. Ia 5x8 metroko tamaina du, eta 12 panelekin dago osatuta.

Topaketen ondoren, horma-irudia Erandioko sindikatu-lokal batzuetan egon zen, 90eko hamarkadaren hasieran Bilboko Gezia Fundazioak bere gain hartu zuen arte. 2016an, berriz, Geziak Otxandioko Andikona 1936 fundazioari eman zion, eta Zumetak artelana zaharberritu ondoren herri horretako eskolan geratu zen.

Erakusketa

Iskander Rementeria arte-ikertzaile, musikari eta EHUko irakaslea izan da erakusketaren komisarioa. Horma-irudiaz gain, ikus-entzunezko beste elementu batzuek osatzen dute erakusketa. Lehenik eta behin, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borrokari buruzko argazki bilduma bat duen korridore txiki bat dago, eta zentral nuklearra eraikitzen hasi aurreko Lemoiz inguruko argazkiak dituen pantaila bat.

Horma-irudia areto zabal batean dago. Bertan, zentral nuklearren aurkako borrokari buruzko dokumentuak eta artxiboak dituen apal bat dago, eta beste bat Herrikoi Topaketak jardunaldiei buruzko informazioa duten egunkari zatiekin (‘Egin’eko asko) eta artxiboekin.

Obran botere politiko, ekonomiko eta militarra ordezkatzen duten hamabi pertsonaia maskulino agertzen dira mahai baten inguruan bilduta. «Zorigaiztoko aurpegia dute, eta, kasu batzuetan, Zumetaren keinu espresionisten arabera itxuragabetuta, pertsonaia horiek atsegin handiz ikusten dute bi sugeek lurraldea eta baliabideak suntsitu izana; izan ere, bi sugeek Espainiako eta Ipar Amerikako banderak daramatzate elkarri lotuta», azaldu du Rementeriak.

Ronald Reagan, orduko Ameriketako Estatu Batuetako presidentea, da bileraren buru eta Mendebalde amerikarreko kapela klasikoa jantzita agertzen da. Bere aurrean, eta barra eta izarrekin apaindutako xistera batekin, Adolfo Suarez garai hartako Espainiar Gobernuko presidentearen pertsonaia agertzen da.

Iragana ikusiz artearen bidez

Erakusketaren aurkezpenean Bingen Zupiria Lakuako Gobernuaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren lehendakaria; Iskandar Rementeria arte-ikertzailea, musikaria eta EHUko irakaslea; Carlos Zabala ‘Arrastalu’ bera eta eta Miguel Zugaza, Arte Ederren museoaren zuzendaria izan dira.

Zupiriak azpimarratu duenez, «lanak artearen bidez iraganeko gertakari garrantzitsu bat ikusteko aukera ematen du». Rementeriak, bere aldetik, erakusketaren elementuak eta egin duen prozesua azaldu ditu.

Zugaza harrituta agertu da 40 urte geroago obra egoera onean dagoelako, eta eskerrak eman dizkie mugimendu antinuklearrei horma-irudia mantentzeagatik eta Arte Ederren museoari uzteagatik.

Arrastaluk ere hitza hartu du murala margotzeko prozesua nolakoa izan zen azaltzeko: «Margolarien hiru estiloak lan bakar batean biltzea oso zaila dirudien arren, oso erraza izan zen. Lehenik, Ameztoyren etxean geratu ginen, eta han zirriborro bat diseinatu genuen. Bakoitzak gai bat aukeratu zuen eta ondoren denak batu genituen. Egia esan, oso erraz jarri ginen ados. Oso Konbentzituta geunden egiten ari ginenaz».

Azkenik, zentral nuklearren aurkako herri mugimenduak horrelako lan bat Bilboko Arte Ederren Museoan egotea merezi duela» adierazi du Arrastalu margolariak.

Izan ere, uztailean 'Lemoiz gelditu' horma-irudia Bilboko Arte Ederren museoari dohaintzat emango ziotela jakinarazi zenean, eztabaida bat sortu zen sare sozialen bidez, herri mugimenduarentzat egindako obra hori lagatzeko legitimitatea zuenari buruz.

 

Fuente
https://www.naiz.eus
Categoria