ETAren erasoa, erreforma vs. haustura arteko gerra garaian

Durango: Hileta elizkizun gatazkatsu baten ostean
Z. Oleaga

1980ko otsailaren 1ean ETAk jauzi militarra eman zuen Ispasterren konboi armatu bati eraso egin eta sei Guardia Zibil hilaz. Atentatuan ETAren bi ekintzaile ere hil ziren, eta hurrengo egunean Batallón Vasco-Españolek beste bi euskal herritar hil zituen. Espainiako Gobernuak jeneral bat jarri zuen EAEn ordezkari. Garai politiko erabakigarriak ziren trantsizioaren eta prozesu autonomikoaren egonkortzerako.

1980. Otsailak 1. Ostirala. Goizeko 7:30ak. Astero legez, Markinako Esperanza y Cia armagintza fabrikatik irten da konboi armatua. 81 mm-ko bi mortero, 60 mm-ko beste bat eta morteroentzako granadak daramatza enpresaren furgoneta handi batek. Eskolta lanetan Guardia Zibilaren bi patrol hiruna guardia zibilekin. Lagako hondartzara doaz armategia probatzera. Segada prestatu du konboiaren aurka ETA militarrak (ETA m). Ekintzaren helburua armamentua lapurtzea da. Ispasterren daude zain, ibilbidearen erdian. Etakideek gaua pasatu dute errepidearen bihurgune baten gaineko pinudian. Aurreko astean ere berdin egin zuten. Baina orduan konboiak ez zuen ohiko bidaia egin eta ekintza atzeratu egin behar izan zuten.

Hartu du bihurgunea konboiak. Goizeko 8:15 dira. Konboia gerarazi eta patrolen aurka dozenaka metraileta tiro egin dute ETAko militanteek. Sei guardia zibilak hil dituzte: Alfredo Diez Marcos, José Gómez Martiñán, José Gómez Trillo, Antonio Marín Gamero, José Antonio Martínez Perez-Castillo eta Victorino Villamor Gonzalez. Furgonetako langile ikaratuak basoan barna bidali dituzte oinez norabiderik gabe, inori abisurik ez emateko mehatxu eginez. Goio Olabarria Bengoa eta Xabier Gorrotxategi Agote dira etakideetako bi. Ezustean granada batek eskuan egin dio eztanda Olabarriari. Berak ditu zauririk larrienak, konortea galdua du. Ez du berreskuratuko jada. Gorrotxategi ondoan zuen eta hura ere larri dago. Taldekideek urgentziazko erabakia hartuko dute segundo gutxian. Lehentasuna zaurituak artatzea eta gainontzekoak gordetzea da. Furgoneta mendian behera amildu dute armamentu guztiarekin. Atentatuaren tokitik alde egin dute. Batzuek ezkutura, beste batzuek mediku bila.

8:30ak aldera Ea udalerriko Angelutxu auzoko baserrira laguntza eske iritsi da gizon bat. Baserriko emakumea irten zaio. “Baso istripua” izan dutela eta mediku bat behar duela, gizonak. Eako herrigunera jaitsi dira emakumea eta etakidea. Bidean furgoneta bat gurutzatu dute kontrako noranzkoan. Lapurtutako armamentua garraiatu behar zuen furgoneta da. Armamentuaren ordez Olabarriaren gorpua darama, ordea. Eako medikua falangista da. Susmo txarra hartu dio kontatzen diotenari eta baserrira igotzeari uko egin dio. Baserrira bueltatuta, gizonak manta bat eskatu dio emakumeari eta autoan alde egin du. Gorrotxategiren balen aurkako txalekoa ahaztu du bertan. Hila da Olabarria ordurako. Kilometro bat aurrerago utzi dute haren gorpu zartatua bere kideek, Natxituako Uriarte taberna parean. 10:30ak dira.

"Gerrilla erasoa izan zen; lehenbizikoz egiten zuten bat bi komandok ekintza bat burutzeko"

Guardia Zibila atentatuaren jakitun da, baina erreakzionatzeko zailtasunak ditu. Gernikako kuartela da gertukoena. Etakideek polizien irrati komunikazioak zelatatzen dituzte. Gernikako kuarteleko guardia zibilak entzun dituzte nagusiei esanez ezin dutela errepidera irten. “ETAren batailoi” bat dagoela kanpoan eta gutxiegi direla aurre egiteko. Horrek salbatu ditu etakideak atzemanak izatetik lehen ordu horietan.

Gorrotxategi oso larri dago. Babes etxe batera eraman dute kideek, inguruko herrixketako batean.  Arriskuak arrisku, Bilbotik eta Donostiatik mediku bana bertaratzea lortu dute. Santi Brouard da horietariko bat, 1984an GALek hilko zuen ezker abertzaleko kide historikoa. Otsailaren 2ko arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera deia jaso du Egin egunkariko erredakzioak. Otsailaren 3ko edizioan irakurri daitekeenez, “gizon ahots negarti batek”, ETA m-ko militantea dela esan eta kide baten gorpua Ermuko hilerri sarreran utzi behar izan dutela adierazi du. Ikurrinaz estali dute gorpua.

Ekintza hura jauzi militarra izan zen erakunde armatuaren historian: gerrilla gerra erasoa izan zen; lehenbizikoz bi komandok batera egin zuten ekintza; ordura arte pertsona gehien hil zuen atentatua izan zen. Espainiako Estatuak beste jauzi militar batekin erantzun zion atentatuari. Baina gertatutakoak orduko testuinguru politiko gatazkatsu eta erabakigarriari estuki loturik daude. Trantsizio betean zegoen Espainiako Estatua, eta erreforma eta haustura nahien arteko lehia gordina zen Euskal Herrian.

OIHARTZUN ZABALA izan zuten atentatuak eta hurrengo egunetako gertaerek Espainiako eta Euskal Herriko prentsan.
ZERUKO ARGIAk azalera ekarri zituen gertakariak, bi argazkiren muntaketa eginez. Handian, Sáenz de Santa María jenerala. Oinean, Gorrotxategi Ermuko hilerri sarreran ikurrinaz estalia –bertan utzi zuten haren kideek–, eta senide heldu berriak gorpua besarkatzen.

Haustura ala erreforma

Francoren heriotzarekin diktaduraren homologazio demokratiko prozesu luzea hasi zen Espainian. Demokrazia formal berriaren oinarriak laster geratu ziren agerian. Herritarrek bozka bidez ordezkari politikoak eta gobernuak aukeratu ahal izango zituzten. Herritarren zein gobernuen erabakimenetik kanpo geratuko ziren, ordea, eredu ekonomiko kapitalista, lurralde batasuna, diktadura garaiko botere nagusien jarraikortasuna eta haien zerbitzarien zigorgabetasuna –funtzionario militar zein zibilak, botere ekonomikoak, Koroa...–.

1975ean hasitako Trantsizioa oso aurreratua zegoen estatu mailan 1980an. Faktore bakarrak saihesten zuen homologazio prozesua ixtea eta normaltasun demokratikoa erabat errotzea: Euskal Herriak. Aipatu mugak onartzen ez zituzten antolakunde sozial, politiko zein armatuak asko eta indartsuak ziren oraindik. Zertzelada batzuekin saiatuko gara 1980 aurreko urteen argazki ezin mugituagoa une batez izozten.

Mobilizazio herritarra jendetsua zen, autoantolaketa maila handikoa eta egunerokoa: preso eta errefuxiatuen alde, Lemoizen aurka, lantegietan, euskararen alde –1980an sortu zen Korrika–. Idealismoen eta utopia iraultzaileen garaia zen Euskal Herrian. Atxiloketak, torturak edo manifestazioen aurkako polizia oldarraldiak ohikoak ziren. Ipar Euskal Herrian Frantziako Gobernuak errefuxiatuen aurkako politika estutu zuen, atxiloketak, entregak eta deportazioak ugalduz. Gerra zikina gorakadan zen, erasoak ugariak ziren borroka armatuan ari ziren pertsonen zein herritarren aurka oro har: hilketak, bahiketak, bonbak, emakumeen eta neskatoen bortxaketak... Esku hartze militar baten zurrumurruak hedatzen ziren tarteka. ETA militarra, ETA politiko-militarra (ETApm), Iparretarrak eta Komando Autonomo Antikapitalisten borroka armatua haien garairik aktiboenean zen. Ekintza armatu eta propagandistikoak eguneroko ogia ziren. ETA m-k soilik 136 ekintza burutu zituen eta 71 pertsona hil 1979an, 1980an gora egingo zuen hildakoen kopuruak.

Erreformaren aldeko indarrak politika alderdi politikoetara, instituzioetara eta bozkatzera mugatzeko ahalegin betean zeuden. Baina zailtasunak handiak ziren. 1978ko abenduan Hego Euskal Herriak Espainiako Konstituzioa arbuiatu zuen. Txibertako batasun saiakerak huts egin ostean EAJk EAEko Estatutua negoziatu zuen Madrilekin, hasiera batean Hego Euskal Herri osoa barnebildu behar bazuen ere. Bera zen nagusi indar abertzaleen artean. Ezkerreko abertzaletasunean bi bloke nagusi zeuden, gero eta harreman gatazkatsuagoan: Euzkadiko Ezkerra (EE)-ETA pm eta ETA m-Herri Batasuna (HB). Haien arteko alde nagusietako bat, hain zuzen ere, trantsizio prozesuaren aurrean hartutako jarrera zen. Gero eta modu nabarmenagoan, EE-ETA pm-k erreformaren alde egingo zuen. ETA m-HB-k, aldiz, haustura defendatuko zuen. 1979ko apirileko udal hauteskundeetan EAJk lortu zuen bozka gehien Hego Euskal Herrian, eta HB jaioberria izan zen bigarren indarra.

Erreforma edo haustura. Urte erabakigarri horien hilabete erabakigarrien artean erabaki zuen ETAk Ispasterreko ekintza burutzea: bi hilabete eskas ziren EAEko estatutua erreferendumean onartu zutela herritarrek, 1979ko urriaren 25ean; hilabete eskas falta zen Eusko Legebiltzarrerako lehenbiziko hauteskundeak egiteko, 1980ko martxoaren 9an. Marko berria errotzea eta egonkortzea ekidin nahian, militarki jauzia egitea erabaki zuen ETAk. Garaiaren destilazio kontzentratua dira ekintza bera zein hurrengo egunetako askotariko ondorioak.

Estatuaren erantzuna: jauzi militarra eta kontentzio politikoa

Atentatuaren egunean bertan bildu zen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseilua, Adolfo Suarez buru. UCDren Gobernuak erabaki militar garrantzitsuak hartu zituen. Espainiako Poliziako jeneral José Antonio Sáenz de Santa María Segurtasunerako Gobernuaren Ordezkari Berezi izendatu zuen EAEn. Saénz de Santa María jeneral eta Guardia Zibilaren Estatu Nagusiaren buru izatera heldu zen diktadura garaian, eta Trantsizioan zein PSOEren gobernuetan ardura postuak izan zituen. GALek 1983an hil zuen Ramon Oñederraren kausan inputatua egon zen (Guardia Zibilaren zuzendaria zen orduan), baina deklaratu ostean libre geratu zen kargurik gabe. Borroka antiterrorista zuzentzeko botere guztia eman zion Espainiako Gobernuak Sáenz de Santa Maríari. Baita baliabide berriak ere: lehenbiziko aldiz, Espainiako Poliziaren GEO (Grupos Especiales de Operaciones) eta Guardia Zibilaren UAR (Unidad Antiterrorista Rural, gerora GAR izena hartuko zuena) elite unitateak ekarri zituen Espainiak Euskal Herrira. Espainiako eta Euskal Herriko zenbait komunikabidek neurri horiek aurretik erabakiak zeudela adierazi zuten, eta Ispasterreko erasoak azkartu baino ez zituela egin.

"Lehenbiziko aldiz GEO eta GAR elite unitateak ekarri zituzten Euskal Herrira"

Jauzi militarra kontentzio politikoarekin uztartu zuen Ministroen Kontseiluak. “Prozesu autonomikoa” ez zuela geldotuko eta EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez zirela atzeratuko adierazi zuen Josep Meliá bozeramaileak. Horretan bat zetozen UCDren gobernua eta Carlos Garaikoetxea buru zuen Eusko Kontseilu Nagusia –hauteskundeetatik eratorritako Eusko Jaurlaritza osatu bitartean EAEko egitura politiko gorena–. Kontseilua ere bildu zen atentatuaren egunean, eta ordezkatuak zeuden alderdiek agiria adostu zuten bost orduko bilera “gogorraren” ostean. Atentatua kondenatzeaz gain, agiriak zioen ETA m-ren asmoa “prozesu estatutarioa kolapsatzea” zela, eta horrelakorik ez gertatzeko borondate irmoa zutela Kontseiluko kideek. Estatuak hartutako neurri militarren inguruan ez zuen baloraziorik egiten.

Estatuaren estolden erantzuna: bi hildako

Atentatuaren hurrengo egunean, bi euskal herritar hil zituen Batallón Vasco-Españolek (BVE). Otsailaren 2ko larunbat goizean, Eibarreko Aginaga auzoan, 22 urteko Jesus Mari Zubikarai, “Jhisa” ondarroarra agertu zen hilik. Bederatzi tiro zituen gorputzean. Ondarroan larunbata goizaldean bahitu, hil, eta Eibarren abandonatu zuten bere gorpua. BVEek hilketa bere gain hartu zuen Deia egunkariari eginiko telefono dei batez. Ispasterko atentatuari erantzuna zela esan zuen deitzaileak, “antes la guerra civil que el separatismo” (“separatismoa baino lehen, gerra zibila”) aldarrikatu aurretik. La Calle aldizkariak Ispasterren hildako sei guardia zibiletatik hiru, “antza”, Ondarroako kuartelean bizi zirela adierazi zuen, eta ostiralean “giro arrarotua” zegoela herrian. Ispasterreko atentatua gogor gaitzetsi zuen EE alderdiko militantea edo hurbilekoa zen Zubikarai –informazioen arabera–. Herrian greba orokorra egin zuten astelehenean, hilketa saltzeko.

Yolanda González Martínen gorpua goiz berean agertu zen Madrilen, buruan tiro bat zuela. Hemeretzi urteko deustuarrak urtebete zeraman Madrilen ikasten eta lanean. Gonzálezen “atxiloketa, galdeketa eta exekuzioa” aldarrikatzean BVEk ETArekin lotu zuen, baina Partido Socialista de los Trabajadores Espainiako alderdi troskistako eta Madrilgo Ikasle Koordinakundeko bere kideek gezurtatu egin zuten hori. BVEk Ispasterko ekintzari erantzuna zela esan zuen. Baina Egin-ek jaso zuenaren arabera, Koordinakundeko bere kideek adierazi zuten urtarrilaren 31ko gauean desagertu zela –Ispasterreko atentatuaren aurreko egunean–, eta otsailaren 1 “goizean” poliziak Gonzálezen etxea miatu zuela – ez dago argi atentatua gertatu aurretik edo ondoren–. Emilio Hellín Moro ultraeskuindarrak hil zuen González. 43 urteko kartzela zigorra ezarri zioten gerora, baina 14 urte beteta ihes egin zuen baimen bat aprobetxatuz. Izena aldatu, eta urteetara Espainiako poliziari zein Ertzaintzari formazio ikastaroak eman zizkiela jakin zen 2013an.

Oroigarriak banatu zituen ETAk, hildako bere bi militanteeen oroimenez. Argazkia: Goio Olabarriaren senideak.

Hileta gatazkatsuak eta mobilizazio masiboak

Atentatuaren hurrengo egunean hildako guardia zibilen omenezko hileta elizkizunak egin ziren Bilboko La Salve kuartelean. Tentsio giroa deskribatu zuten komunikabideek. Kuartelaren kanpoaldean hainbat herritar bildu zen eta hamarnaka batzuek Espainiako Gobernuko ordezkarien autoak kolpatu zituzten “traidore” deituz eta sarrera oztopatuz. Francoren aldeko oihuak egin zituzten, eta Cara al sol abestu. Kuarteleko elizara UCD eta AP alderdietako ordezkariak sartu ziren, baina Guardia zibilak PSEko kideei sarrera ukatu zieten –Txiki Benegas tartean–. Madriletik, Enrique Múgica Herzog sozialistak Guardia Zibilaren aurka gogor egin zuen horregatik. La Calle-k jaso zuenez, barruan ere tentsioak eztanda egin zuen eta elizkizunetan “ez dugu medaila gehiagorik nahi”, “nahikoa da!” edo “erailtzen ari gaituzte eta ez digute defendatzen uzten” oihukatu zuten hildakoen kideek. Hileten ondoren, Zamora, Cádiz, Valencia, Badajoz, Almería eta Burgoseko euren jatorrietara eraman zituzten gorpuak.

"ETAko bi militanteen aldeko mobilizazio jendetsuak izan ziren Durangon eta Eibarren"

Durangon igandean egin ziren Goio Olabarriaren aldeko hileta elizkizunak, otsailaren 3an. Elizan istiluak izan ziren. Apaiza borroka armatuaren aurka hitz egiten hasi zenean jendeak oihuka erantzun zuen, eta anaia batek hitza hartu zuen egoera baretu eta hitz batzuk egiteko: “Goiok amorruz eta ezinez ikusi zituen bere lau neba-arreba polizia etxetik pasatzen. Arrazoiak, egiak, justiziak, eta elkarrizketak, berez, zer edozer ekarriko ote duten etsituta, eta herria kaleratzeekin, langabeziarekin eta errepresioarekin mehatxatzen dituen demokrazia baztertuz, armak hartu zituen eskutan”. Hamabi urterekin atxilotu zuten lehenbizikoz, 22 urterekin hil zen. Sasiko lagunek ipurterre, alai eta zirtolari nekaezin gogoratzen dute. Milaka pertsonek lagundu zuten gorpua hilerrira, eta manifestazioa egin zuten ondoren Durangoko kaleetan. Martxoaren 25ean Olabarriaren anaia bat atxilotu zuen Guardia Zibilak salaketa zehatzik gabe. La Salven bost egunez torturatu ostean, libre utzi zuten kargurik gabe eta epailearen aurretik pasa ere egin gabe. Ekainean, bonba batek hirugarren anaia baten autoa zartatu zuen.

Xabier Gorrotxategiren aldeko mobilizazioak Burgosko prozesuaz geroztik Eibarren izandako jendetsuenak izan zirela nabarmendu zuen Egin-ek. Sei mila pertsonak hartu zuten parte hileta eguneko mobilizazioetan eta, Durangon bezala, Eibarren ere herriko denda eta taberna gehienek ateak itxi zituzten. Gorrotxategik 26 urte bete zituen bere heriotzaren egunean. Burgosko epaiketen aurkako manifestazio batean haren lagun Roberto Perez Jauregi hil zuen poliziak. “Xabi aldamenean zegoen”, dio bere anaia Eusebiok, gertaerak arrasto sakona utzi ziola iradokiz. Kalakari eta parranda zale gogoratzen du (Erreportajerako iturrietako bat izan da Eusebio Gorrotxategi, Xabierren anaia. Urtarrilaren 19an bihotzekoak jota hil da Eusebito). “Anarko-abertzaleak ginen. Abertzaletasunari zentzu zabalagoa ematen genion”, dio Gorrotxategiren taldekide eta lagun min batek. “Herrian LKIko troskoak ziren nagusi kalean, eta haiekin eztabaidatu arren, ongi moldatzen ginen”.

Oroimena

40 urte joan dira. Orduko hainbat ideia, amets, maitasun, gorroto, min, poz eta oroimen debekatuta daude egun. 1980an baino debekatuago, nondik begiratzen zaion: orduan, ETAko militanteen hilkutxak manifestazio publikoetan eraman zituzten herritarrek hilerrira istilurik gabe; erreportajea inprentara doan 2020ko urtarrilaren 22 honetan lau pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak, zigorra osorik bete duten presoei harrera pribatuak egiteagatik. Baina herri batek, herrigintzatik eraiki nahi badu bere burua, oroimena du lurzoru zahar-berrietarako osagai ezinbestekoetako bat.

Fuente
https://www.argia.eus
Categoria