“Ze gaizki dauden gauzak Venezuelan” Utzidazu labur-labur azaltzen (0-8)

Marcha en venezuela
Iñaki Etaio | Askapena

“Maduro nos mata de hambre” (“Madurok gozez hiltzen gaitu”) kartela eskuetan zuen gizentasun ageriko emakume baten irudia zabaldu zen sare sozialetan duela hilabete batzuk, umore kutsu nabariarekin. Montaje bat izan ala ez, irudi horrek sintetizatzen du neurri handi batean jendarte ezberdinetako sektore zabaletan Venezuelari buruz dagoen imajinario kolektiboa, baita hango prozesuaren eta egoeraren desitxuraketa ere. Venezuelako Errepublika Bolivarianoan izandako egonaldia baliokoa izan zaigu bagenekiena han bertan konprobatzeko: Venezuela ez da sozialismo bolivarianoen ustezko paradisu bat, ezta hondamendi humanitarioaren diktadura ere.

Irudi sinplifikatzaile honekin ez dago inolako asmorik hango errealitatea erdibideko tartean jartzeko. Prozesu eraldatzaile guztiak arriskuz, oztopoz eta kontraesanez beteta daude. Ezin da beste modu batean izan. Kontraesanek dinamismoa eta mugimendua daukate barruan; aldaketaren motorea dira. Eta lurralde venezolarretan garatzen ari dena hori da: garapen oso zailean dagoen prozesu askatzaile bat, bere lorpenekin, bere ekarpenekin, bere akatsekin, bere testuinguru latzarekin eta bere konprexutasunarekin.

Askapena erakunde internazionalistaren brigadak aukera eman digu 2019ko udan prozesu venezolarraren egoera hobeto ezagutzeko, komunikabideetan topa ditzakegun informazio eta analisietatik haratago (gutxieneko objektibotasunaz errealitate venezolarra aztertzen saiatzen diren medioez ari gara; ez ustezko informazioa prozesu bolivartarraren kontra gerra-tresna bezala erabiltzen duten propaganda-korporazioez). Erakunde zein pertsona askorekin izandako harremanek ahalbidetu digute inperialismo yankiaren ofentsibak herrian dituen ondorioak gertutik ezagutzea baita prozesuaren konplexutasunera hurbiltzea ere. Testu honen helburua zertzelada batzuk era laburrean eskaintzea da, herri venezolarraren gaur egungo egoeraren alderdi gako batzuk hobeto ulertzeko. Atalka antolatutako testu honetan islatuta agertuko dira Venezuelak pairatzen duen forma-anitzeko erasoaren ondorioak, sektore zabalen erresistentzia eta duintasuna, jendarte venezolarra gaixotzen duten heredatutako praktikak eta jokabideak, prozesuaren kontraesanak, egoera larri horri aurre egiteko erronkak edota sistema komunala eraikitzeko saiakeren zailtasunak.

Inork ez zuen esan erraza izango zenik.

Fuente
zuzeu.eus
Categoría