Gorka García "Bizikidetzari eta zabaldu den aro berriari egindako ekarpena izango da presorik ez egotea"

Gorka García
Xabier Izaga
Entrevista a
Gorka García (Etxerat-eko koordinatzailea)

Sakabanatzearen amaieraren urte honen balantzea egin du Gorka Garciak, baita euskal preso politikoen senideen itxaropenen eta kezken berri eman ere.

Euskal preso politikoen urruntze eta sakabanatzea amaitu den urtea izan da 2023. Senide eta lagunentzat aurrerapauso garrantzitsua izan da, euren egoera arindu duena, baina «motxila» astuna daramate, eta horri gehitu behar zaizkio sakabanatzea amaitutakoan aurre egin behar dieten oztopoak. Lerrootan, Etxerat elkarteko koordinatzaile Gorka Garciak ematen du balantze gazi-gozo horren berri.

Ikurra aldatu duzue. Gogoz, ezta?
Bai, urte hasieran aurkeztu genuen ikur berria, gizartearen ordezkapen oso zabal eta pluralarekin. Esan genuen bezala, behin sakabanatzea amaituta, nahi dugu leihoak betetzen dituen ikurra izatea, jendarte osoaren zerbait izan dadin, fase berri honi aurre egin eta lehenbailehen bukatzeko.

Uste duzue dispertsioa amaitu ondoren halako erlaxazioa gerta litekeela edo, aitzitik, oraindik euskal presoak egotearen arazoa nahikoa barneratuta daukala jendarteak?
Konbentzituta gaude jendartearen gehiengo zabal batek uste duela arazo honekin amaitzen joan behar dugula, presoak kartzelatik ateratzeko bidea zehazten. Sakabanatzea zela-eta harekin amaitzea beharrezkoa zela oso modu zabal eta pluralean sozializatzen genuen bitartean, bagenekien fase hark halako zailtasunak ere izango zituela, eta ikusi ere egin genuen. Izan ere, ikur berria aurkeztu bezain laster, sare sozialetan eta zenbait hedabidetan zenbait ahots atera ziren inpunitatea eskatzen genuela esanez. Eta horrek inondik inora ez du islatzen bere egunean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki zuena, ohiko espetxe legearen bidetik jotzea, alegia.

Horretan datza, hain zuzen, fase berria: presoak modu naturalean beren eskubideak berreskuratzen joan daitezen ohiko legearen bide horretako ibilbidean. Eta uste dugu ahalik eta gehien sozializatu behar dugula bide hori.

Orain arte arretagunea urruntzea eta presoen bakartzea ziren, horiek eta, jakina, senide eta lagunok jasaten zenituzten ondorioak. Orain ageriago geratu da salbuespenaren beste alderdi bat.
Bai. Euskal preso politikoen senideok motxila astuna daramagu. Sakabanatzeak oinaze handia eragin du, errepidean eta kartzela barruan 35 euskal preso politiko askotariko kausengatik hil izana eragin du. Beraz, sakabanatzeak eragindako sufrimendua ez da egun batetik bestera desagertzen; astuna da motxila hori, tartean adin handiko askok daramatena.

Oraingo egoeran, dispertsioa amaitu izanak arindu egin du motxila hori eta egoera hobean gaude, jakina, ez dugu ukatuko, ez dugu bidaia luze eta garesti horiek egin beharrik, gure senideak ez daude lehen graduan eta bakartuta, baizik eta bigarren graduan eta batzuk hirugarrenean… egoera hobea da. Hala ere, salbuespenak eragiten duen ziurgabetasun horrekin bizi gara, eta hori senideek sakabanatze egoeratik daramagun zama horri gehitzen zaio. Gure senide presoaren eskubideak noiz aitortuko dituzten jakin gabe gaude, ez dakigu noiz emango dioten hirugarren gradua, beste egoera batean halakori badagokiola jakinda, baina ez zaiola iristen ikusita, hirugarren gradua edo eskubidez dagokion baimena.

Izan ere, ez dugu ahaztu behar preso guztiek eskubideak dituztela, eta iristen ez direnean, senideek larritasunez bizitzen dute. Hori eta, zer esanik ez, gradu erregresioak. Pentsa, haietako askok seme-alabak dituzte, familia… Larritasunez bizi dugu egoera hau, zenbait sektore juridiko eta politiko lekuz kanpo dagoen salbuespena aplikatzen tematzen diren egoera delako.

Gradu erregresioak, adibidez.
Presoari hirugarren gradua eman ondoren, kalera irten, bigarren egunean fiskalak helegitea jarri eta berriro kartzelara sartu behar izatea gogorra da. Salbuespen horren gordina ondo erakusten duen kasu bat aipatuko dizut. Nola uler daiteke 77 urte dituen pertsona bat 1991tik preso egotea? Ez dizkiote aitortzen bere espetxe eskubideak. 91tik, 77 urterekin, noiz arte egon behar du pertsona horrek preso? Bi aldiz jarri dute haren hirugarren graduaren aurkako helegitea. Eta ez da horrelako kasu bakarra; esan dudan bezala, badira preso asko 20 eta 25 urtetik gora bete dituztenak, eta haietako askoren adina 60tik gora urtekoa da. Zer espetxe eredu nahi dugu jendearentzat?

Zigorra osorik bete behar dutela diote arestian aipatu dituzun ahots horiek. Hala ere, preso guztiek betetzen dute zigorra osorik, ohiz kanpoko kausengatik izan ezik; esate baterako, gaixotasun larriengatik, eta euskal presoei hori ere oztopatu izan diete, edo indultuaren ondorioz, baina hori ez da euskal preso politikoen kasua.
Hala da, bai. Kontuan izan behar dugu zigorra betetzeko hainbat modu daudela. Azpimarratu nahiko nuke hirugarren gradua ere zigorra betetzea dela, oso argi utzi beharra dago hori. Hirugarren graduan ezin zara lurraldetik atera, hanka bat barruan daukazu, hara joan behar duzu lo egitera... zigorra betetzeko modu bat gehiago da, zigorra betetzeko modu malguagoak daudelako, legean jasota daudenak, eta legeak dituen betekizunen arabera, era horietan betetzea ere eskubidea da, baita euskal presoena ere.

Parot doktrina zelakoaren asmo bera sumatzen da.
Bai, hori da. Guk, momentu honetan, salbuespenaren barruan, baditugu zenbait gai: hirugarren gradua, 2003ko legedia eta, azkenik, zigorren kontaketa. Europako araudiak dioena argia da. Preso batek beste herrialde batean betetako zigorra kontuan izan behar da, eta ez hona iristen denean kontagailua zeroan jarri.

Presoek ohiko bide legaletik jotzea erabaki dute, baina epaileek, edo zenbait epailek, bide hori oztopatzeko prest daudela erakutsi dute. Espero al zenuten horrelakorik?
Bai, espero genuen. Bagenekien horrelako zerbait gertatuko zela; izan ere, ETAren jardun armatua behin amaituta ez baita desagertu lobby hori, guk juridiko, politiko eta mediatikoa esaten dioguna eta presoek beren zigorrak baldintza horietan bete ditzaten tematuta jarraitzen duena. Urruntzearen amaiera lobby horren kanpaina batzuekin batera etorri zen, Euskal Herrira ekartzearen aurkako kanpainekin, eta bagenekien preso guztiak etxera itzuli arteko ibilbide horretan oztopo hauekin topo egingo genuela.

Motxila aipatu duzu, bidean utzitako guztia, errepidean, kartzeletan. Odoluste ekonomikoa ere ez da txantxetakoa izan, edo jasandako erasoak, baita fisikoak ere…
Jakina, presoak sakabanatzeak sufrimendu handia eragin du eta diseinatu zutenek jakinaren gainean egin zuten, esan ere hala esan zuten jendaurrean, beren helburuetako bat horixe zela. Beraz, autobusak harrikatu dizkigutenean, erabaki arbitrario bat zela-eta, edo gure senidea zigortuta zegoelako kartzelako atean bisita gabe geratu izan garenean, ez da salbuespen bat edo ezkutuan egindako zerbait izan. Ez dugu ahaztu behar urte askoan Kanarietara, Ceutara, Melillara joan behar izan dugula. Barruan eta errepidean hildakoak... eta uste dugu egunen batean norbaitek oinaze hori ere aitortu beharko duela.

Ukaezina da oinaze hori; hala ere, sakabanatzeak beste aurpegi bat izan du: elkartasuna.
Bai, bai. Guk ez dugu inoiz ahaztuko jasotako elkartasun guztia. Hemengoaz gainera, Estatu frantses eta espainoletan beren etxeak zabaldu dizkigutenak, lagun egin digutenak gure egonaldiak ahalik erosoenak izan zitezen. Hainbat lekutan izan diren elkartasun batzordeak. Cartagenan, Huelvan, Parisen, maitasunetik eta anonimatutik lagun egin digun eta oraindik ere egiten digun jende solidario horrekin harremanetan jarraitzen dugu.

Nola eutsi behar zaiola uste duzue presoen inguruko tentsio horri?
Uste dugu mobilizazio soziala funtsezkoa dela, jendartea sentsibilizatzen jarraitzea, denbora jakin batean ez dela presorik izan behar ikusaraziz, jendarte honetan presorik ez egotea bizikidetzari eta Euskal Herrian zabaldu den garai berriari egindako ekarpena izango dela. Guk ez diogu lan egiteari utziko hori gertatu arte. Berebiziko garrantzia ematen diogu mobilizazioari, eta uste dugu urtarrilaren 13an Bilboko kaleak leporaino bete behar direla salbuespenaren aurka, gure senideek kalera irteten segitu daitezen.

Fuente
https://www.naiz.eus/
Categoría