Pablo Beltrán: "ELNk ez du baztertzen AEBetako soldaduekin liskar armatuak izatea"

Pablo Beltrán
Ibai Trebiño
Entrevista a
Pablo Beltrán

2019an Ivan Duqueren Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketak apurtu arren, ELN erakundeko gerrilari talde batek bakegintzan lanean dihardu Kuban. Habanatik erantzun dizkigu galderak Askapen Nazionalerako Armadaren Komando Zentraleko kide eta negoziazio taldeko buru Pablo Beltranek (San Gil, 1953). Egoera politikoan eta bakegintzan emandako pausoak aztertu ditugu.

Arauca, Catatumbon eta Kolonbiako beste hainbat zonaldetan ariketa militarrak hasi ditu AEBetako armadak. Nola ikusten du ELNk?
Ekainean soldadu estatubatuarren kopuruak gora egin du Kolonbian, mendebaldean eta bereziki Venezuelako mugan; AEBetako armadako hainbat brigada militar iritsi da hara. Haien aitzakia drogaren aurkako gerra da, baina, esaterako, Araucan koka landaketak aspaldian erauzi ziren. Orduan gure galdera da: zer egiten dute Kolonbian? Argi ta garbi Venezuelaren aurkako isilpeko operazioak egitea dute helburu, beti ere Kolonbia erabiliz horretarako.

Guajira eskualdean edo Cucutan, Venezuelako mugan, horrelako ariketak egin zituzten urtarrila eta martxoa artean, ondoren mertzenarioen bidez Venezuelaren aurkako erasoa prestatzeko asmoz. Venezuelako Gobernu bolivartarra garaitzeko, operazio-base izugarria antolatu dute mugaldean eta AEBetako Drogaren Aurkako Agentziak (DEA) narkotrafikoaren kartelekin aliantzak egin ditu.  

Ariketa militar hauek mehatxu zuzen gisa ulertu ditu zuen erakunde armatuak?
Gure gerrilla duela lau hamarkada baino gehiago dago errotuta Venezuelako mugako hainbat eskualdetan, non indigenak edota nekazari komunitateak binazionalak diren. Beti izan dugu indarra mugako hainbat zonaldetan, baina aitortu behar da AEBetako soldaduen presentziak zuzenean eragiten diela gure gerra fronteei.

Ivan Duque presidentearen esanetan, estatubatuarrak “armarik gabe” arituko dira ariketa horietan. ELNk ordea ez du baztertzen “liskar armatu zuzenak” izatea haiekin, zeure hitzen arabera.
AEBetako Unitate Bereziak (ingelesez, SFAB) aritzen diren bost zonaldeak gerra guneak dira, non Kolonbiako Indar Armatuen, paramilitarren eta mafien arteko aliantzak dauden. Indar paramilitar horiek erabiltzen dituzte tokiko komunitate antolatuei eraso egiteko, horregatik zonalde horietan erailtzen dituzte gehien buruzagi eta ekintzaile sozialak.

Gure unitate gerrillariak, ordea, itun kontra-insurgente hauen kontra ari dira borrokan. Horregatik ez dugu baztertzen AEBetako soldaduekin liskarrak izateko aukera.

Venezuelaren aurkako “ezkutuko operazio” hauetan, zer zeregin izan dezake ELNk kontinente mailako proiektu bolibartarraren defentsan?
ELNren azken bi kongresu nazionaletan argi utzi dugu Venezuela defendatuko dugula estatubatuarren balizko erasoaren aurrean eta gure militantziari Venezuelako Errepublika defendatzeko agindua eman diogu. Horregatik, Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugan ditugun posizioetan lehentasuna ematen diogu indar kriminalen aurka borrokatzeari. Bestalde, Kolonbiako jendartearen aurrean sarritan nabarmendu dugunez, Venezuelaren aurkako gerran murgiltzea oso larria litzateke, are gehiago Kolonbian, gure barne gatazka bizirik dela.

COVID-19 dela eta, ELNk aldebakarreko su-etena egin zuen apirilean.
Su-eten horren bidez COVID-19ari aurre egiteko baldintza egokiak sortu eta konponbide politikoan ekarpenak egiteko borondatea dugula erakutsi nahi izan dugu. Aldi berean, erregimenaren irudi eskasa agerian utzi dugu, gerra eteteari uko egin baitiote, NBEk edota Aita Santuak horrela eskatu arren. Gainera, ELNren su-etena baliatu dute gure kontrolpeko eremuetan indar militar eta paramilitarrak hedatu eta lider sozialak hiltzeko.

Nazio Batuen Erakundeak aldebiko su-etena beharrezkoa dela azpimarratu du berriki eta su-etena indarrean jartzeko eskatu dio Kolonbiako Gobernuari.
Nazio Batuen Segurtasun kontseiluak bi ebazpen aurkeztu ditu gatazka armatua pairatzen duten herrialdeetan hiru hilabeteko su-etena ezartzeko helburuz. Ebazpen biek AEBen betoa jaso dute. Ebazpena onartuko balitz, Kolonbiako Gobernuak erabakia errespetatu beharko luke. Gure aldetik, beti izan dugu argi pandemiari aurre egiteko aldebiko su-etena beharrezkoa dela.

Gatazkaren konponbide politikoaren bidean, Habanan dagoen ELNren negoziazio batzordeko buru zara. 2019an elkarrizketa eten eta gero, zer momentutan dago egoera?
Gobernuaren aldetik negoziazioa geldituta dago, nahiz eta gobernu-koalizioan parte hartzen duten hainbat sektorek negoziazioei berriro heldu dieten. Kolonbiako jendartean aldiz, gero eta gehiago dira Bake Akordioak errespetatu behar direla uste dutenak eta konponbide politikoaren bidean sakontzearen aldekoak. Horrek, presio handia egiten die Kolonbiako elite zapaltzaileei konponbidearen bidera itzul daitezen.

Nola garatu ziren bake elkarrizketa horiek Ivan Duque boterera iritsi baino lehen?
Aurreko gobernuarekin (2010-2018), sei puntuko negoziazio-agenda martxan jarri genuen, non gatazka armatuari amaiera ematea eta eraldaketak egitea adostu genuen. Lehendabizi, 101 eguneko aldebiko su-etena sinatu genuen eta sektore sozial eta politikoak batzea lortu, bakearen bidean haien parte-hartzea diseinatzeko asmoz.

2018ko abuztuan ordea, uribisimoaren itzulerarekin batera, bake bide hori deseginda geratu zen. Bai gurekin, baita FARCekin ere. Azken hauen kasuan, egoera oso latza izan da: 200 gerrillari ohi eta haien 50 senide hil dituzte geroztik. Esaterako, legez kanpoko laboreak ordezkatzeko programak ere bertan behera geratu dira, Trumpen aginduz.

2016an denek esaten ziguten “FARCen bidea jarraitu behar duzue” eta egun kontrakoa esaten digute: “Ez jarraitu FARCen bidea”. Oso esanguratsua da.

Bake elkarrizketak berpizteko itxaropenik ba al duzue oraindik?
Gobernu honi agintaldi erdia geratzen zaio eta, borondatea izanez gero, Kolonbian bakea lortzeko ekarpena egin dezake. Guri dagokigunez, ez dugu asmorik negoziazio mahaia uzteko, gatazkaren konponbide politikoa helburu dugulako. Bestalde, Ivan Duque presidenteak bilera konfidentzial bat egitea proposatu zigun, negoziazio-mahaia berregituratzeko asmoz. Baina publikoki, aldiz, negoziatzeko betebeharreko zenbait baldintza inposatzen digu. Negoziatzeko prest gaudela erantzun diogu, baino baldintzarik gabe.

Horren aurrean, zein da ELNren planteamendu zehatza lehengo bidera itzultzeko eta akordioak gauzatu ahal izateko?
Guretzat argi da: orain arte eraikitakoaren gainean egin behar da. Negoziazioak ezin dira zerotik abiatu. Duqueren gobernuak ordea, aurreko gobernuak egindako aurrerapausoak zakarrontzira bidali nahi ditu. Gobernuaren negazionismoa ikusita, irtenbide bakarra dugu: gobernuari gonbita egitea negoziazio-mahaiaren inguruan eztabaidatzera.

Elkarrizketa horien bermatzaile da Kuba, baina Kolonbiako Gobernuak bera presionatzen jarraitzen du zuek estraditatzeko. Zuek, ordea, Kolonbiara itzultzeko borondatea erakutsi duzue, baina berme guztiekin bada.
Horrelako prozesuetan, ohikoa den bezala, negoziazioa apurtzen bada jatorrizko herrialdera bermeekin eta era seguruan itzultzea ahalbidetzen duten protokoloak egiten dira. Hori da guk sinatu genuena 2016ko apirilean, baina Duquek dioenez, ez du baliorik berak ez zuelako izenpetu. Protokoloa ordea, sei herrialdek sinatu zuten eta horrek nazioarteko akordio bilakatu zuen, Kolonbiak errespetatu eta bete behar duena.

Nazioarteko komunitateak protokoloa babesten duen heinean, ELNren negoziazio taldeari gure kanpalekuetara itzultzea bermatu beharko lioke Kolonbiako Gobernuak. Gobernuari argi esaten diogu: negoziazio mahaira bidali zuen ordezkariak ala gure itzulera bermatu. Baina gobernuak, ez bata ez bestea: Kubari gure estradizioa eskatzea izan da erantzuna. Sinatutakoari traizio bikoitza egin diote; nazioarteko akordio bat zapaldu eta mespretxatu dute eta Kuba presionatzen ari dira, bakearen berme-emaile gisa duen irudia zalantzan jarriz.

2016an FARCekin lortutako akordioen ostean, Kolonbiako gatazkaren azken eragile intsurrekzionala da ELN, baita Latinoamerikako azken gerrilla ere.
FARC desmobilizatu edo zatikatu ostean, orain ikusten ari garen bezala, kontinenteko borroka armatu iraultzailearen erreferente gisa ikusten gaitu askok eta hori guretzat ohore eta duintasun handia da. Gure proposamena gatazkaren konponbidera daraman bidea egitea da eta herrien desagerpena proposatzen duen botere inperialista eta oligarkaren aurrean erresistitzea da gure betebeharra.

FARCen desmobilizazioak paradigma berri bat proiektatu du nazioartean: Kolonbian bakea lortu dela. Zer gertatzen da ELN bezalako taldeekin? Zergatik ez dira kontutan hartzen gatazka politikoren parte diren beste aktore armatuak?
2016an, Kolonbiako gatazkaren ondorenaz hitzegitea izan zen gobernuaren erretorika. Orain jada inork ez du ezer aipatzen, gatazka handitu egin delako biolentzia osoz. Azken hilabetean, esaterako, egunero lider sozial bana hil dute. Datu gordin horri gehitu behar zaizkio gerrillari ohien hilketak. Gerra kontra-iraultzailearen beste fase batean gaude non helburua den oligarkia hegemoniko, ultraeskuindar eta biolentoa boteretik kendu nahi duen oposizioko indar oro garbitzea.

Egoera honen aurrean, non dago gakoa gatazka politikoa –eta bereziki ELNrekiko gatazka armatua– konpontzeko?
2016an sinatu genuen bide-orriaren 5. puntuan “biolentzia politikatik ateratzea” proposatu genuen eta horrek esan nahi du gobernuak indarkeriari uko egin behar ziola botereari eusteko eta guk biolentziaren erabilera baztertuko genuela. Hori beteko balitz, eraldaketa sakona eragingo luke, izan ere Kolonbiako Errepublikaren historian arerio politiko oro ezabatzea izan da lege nagusia. Gure ustez, horixe da gerra amaitzeko bide bakarra.

Bestalde, AEBetako inperialismoarekin dugun lotura neokoloniala apurtzea beharrezkoa da. Pultsu estrategiko baten aurrean gaude: bakea nahi dugun gehiengo nazionalaren eta gerra iraunkorra garatzen duen inperioaren artekoa.

Fuente
https://www.argia.eus/
Categoría
Etiquetas