Jesús Santrich, azken gerrillari erromantikoaren agurra

Jesús Santrich
Ibai Trebiño

Hil berri duten Jesus Santrich FARCeko komandante eta bake negoziatzailea ezagutzeko aukera izan nuen 2020ko martxoan. ARGIA izan zen Kolonbiako borroka armatuaren fase berri horretan Santrich komandantea elkarrizketatu zuen munduko lehen komunikabidea, bere kartzelaldia eta 'ihesaldiaren' ondoren. Ihes egin baino, “mendira borrokara” joana zela baitzioen Santrich berak. Kazetari gisa, harro sentitzeko moduko lana izan zen agian, baina pertsona gisa berarekin izandako bizipenak (solasaldiak eta) eta bizi izandako esperientzia oraindik harroago sentitzeko modukoak izan ziren. Hala edo nola, ez naiz hemen nire bizipenak kontatzeko baizik eta Santrichen inguruan hitz egiteko edo, hobe esanda, bere figura politikoa irakurleari gerturatzeko asmoz.  

Santrichen heriotzari dagokionez gauza ugari argitzeke dagoen arren, Perijá mendikatean –Kolonbia eta Venezuelaren arteko mugan– hil dutela jakin berri dugu. Kolonbiako inteligentzia zerbitzuek emandako informazioen arabera, “istilu armatuen” ondorioz hil da Santrich Venezuelan. Aldiz, beste iturri batzuek zabaldutako informazioaren arabera, Kolonbiako inteligentzia eta zerbitzu sekretuen kiratsarekin, Venezuelako armadak hil du Santrich. Bere burkideen ahotik jakin dugunez ordea, Kolonbiako komando berezi batek hil omen du buruzagi farianoa, Kolonbiatik Venezuelara sartuta. Bitxikeria gisa, hiltzaileek Santrichi hatzamar punta bat moztu diote –beti ere FARC Bigarren Marquetaliak esandakoaren arabera. Hala balitz, Kolonbiako paramilitarismoa eta Daesh ez dira hain desberdinak. 

Perijá mendikatea eskualde binazionala da, mugak ez daude oso zehaztuta eta historikoki, gerrillen –FARC zein ELN– presentzia handia izan da muga fiktizio horren bi aldeetan. Hori jakinda, Venezuelako armadak “terroristak babesten” dituela dioen teoria –Kolonbiako komunikabide nagusiek dioten bezala– desmontatzeaz gain, Venezuelan Kolonbiako armadaren soldatapeko mertzenarioek ustez egindako operazioa legez kanpokoa dela esan daiteke. Horren aurrean, beste behin ere, nazioarteko komunitatearen isiltasun konplizea gailendu da.  

Gerrillari eta bakegile

“Bakea nahi baduzu presta zaitez gerrarako” (si vis pacem, para bellum) dioen esaerak azal lezake nor izan den Jesus Santrich. Gerrillari izatetik bakegilea izatera pasatu zen borrokatu armatuari berriz ekin baino lehen. Norbegian, Oslon, hasi zuen 'bakegile' bidea eta Habanan jarraipena eman zion negoziaketa prozesu luzeari. Bost urte eman zituen Santrichek Kubako hiriburuan –guztiz maitemindua zen hiri hortaz– eta bere eskutik bake-sinadura historikoa etorri zen. Nobel saririk eman ez bazioten ere, bakearen defentsan borrokatzeko konpromisoa berretsi zuen Santrichen taldeak, bakeak merezi zuelakoan.

Negoziaketa garaian bereziki egin zen ezagun Jesús Santrich, hainbat momentu gogoangarri bezain polemikoak utzita; besteak beste, bake negoziaketa hasi berritan Espainiako TVEko berriemaileak biktimei barkamena eskatzeko aukeraren inguruan galdetu zionean. Santrichek, umorez, “quizás, quizás, quizás” erantzun zion kantuz. Biktimek erantzun hura iraingarritzat jo zuten arren, erantzunak berak ondo irudikatzen du Santrichen izaera politikoa, ironia baliatuz planteamendu bati buelta emateko gaitasuna duen pertsona batena alegia: “Ez gara negoziatzen hasi ere egin eta honezkero hori galdetzen didazue?”, pentsatuko zuen ziur asko gerrillariak.

Behin bakea lortuta, Santrichi berari suertatu zitzaion 'bake faltsuaren' jomugan egotea. Lehenik, kartzelan sartu zuten urtebetez, AEBetara estraditatzeko mehatxupean. Hor jasan zuen bakeak lehen kolpea. Ondoren, ihesaldia etorri zen; gerrillari itsuak (ikusmen galera oso handia zuen) Kolonbia erdia zeharkatu zuen mendietatik barrena Perijà-ra heltzeko. Bidean, jende askoren laguntza izateaz gain, hainbat abentura eta bitxikeria izan zituen bidelagun, esaterako, ELNko gerrillariekin bidean, kasualitatez, topo egitea. Elenoak, Santrich zela ikusita, besarkatzera eta ongietorria ematera gerturatu ziren. Hori zen Santrich: gerrillari sinplea, gertukoa, umila eta langilea. Pertsona maitatua, estimatua eta errespetatua. Iraultzaileen munduan eta Bertold Brechten hitzak hartuz: “Ezinbestekoa den norbait”.                

Eta nik Santrich hori ezagutu nuen; mendian, bere kalashnikovarekin, nahiz eta bere armak beste batzuk izan: ironia, kantua, margoak, musika eta olerkia. Olerkigintzan adibidez, Poesia para Euskal Herria liburua berridatzi zuela jakin dut azken asteotan, garai batean FARCeko Bloque Caribe-ko fronte guztietan zabaldu zen lana. Santrich gerrillari erromantikoaren irudikapen bizia izan dela esan daiteke, XXI. mendeko iraultzaile handienetakoa. Eta, zoritxarrez, bake prozesu baten porrotaren isla ere bada Santrich.

Fuente
https://www.argia.eus/
Categoría