Pauso bat Pedro Baigorriren bila

Pedro Baigorriren
Nagore Irazustabarrena Uranga

Pedro Baigorri Apeztegia (1939-1972) nafar gerrillariaren gorpua aurkitzeko saiakera egiten ari dira Kolonbiako Curumaníko hilerrian, bere senideak hango erakunde batekin harremanetan jarri eta gero. Kubako iraultzaileekin harreman estua izan zuen Baigorrik eta Kolonbiara joan zen borrokatzera: "Jendeak jateko aukera izan dezan hiltzeak merezi du", idatzi zien azken gutunean gurasoei.

Cesar departamendua (Kolonbia), 1972ko urriaren 6a. Venezuelako mugatik gertu, Perijá mendilerroan, kolonbiar ejertzitoak ELNko (Nazio Askapenerako Armada) hiru kide hil zituen erabat neurriz kanpoko segada batean. Horien artean zegoen Pedro Baigorri Apeztegia, 33 urteko nafar sukaldari eta iraultzailea. 49 urte geroago haren gorpuzkiak ez dituzte oraindik aurkitu.

Franco, Che eta fidelen sukaldari

Baigorri Zabaldikan (Esteribar) jaio zen 1939an. Familiaren egoera ekonomiko kaxkarra zela eta, oso gazte zela, 16 urterekin, hasi zen Iruñeko Yoldi hotelean sukaldari lanetan. Donostiako Maria Cristina hotelean jardun zuen gero, eta han zela, behin, Francisco Francorentzat otordua prestatzea egokitu zitzaion, Kontxako badian ainguratutako Azor ontzian.

1950eko hamarkadaren amaieran Donostiatik Parisera joan zen sukaldaria. Lehenago ere politikak eta ezkerreko ideologiak jakinmina piztu arren, Frantziako hiriburuan

Bizpahiru urte geroago, 1962 edo 1963an, Antonio Nuñez Jimenez (1923-1998) kubatar zientzialari eta politikariak eskaintza berezia egin zion: Kuban barrengorriak hazteko proiektuari heltzea.

Baigorri Habanara joan zen orduan, proposamena onartuta. Fidel eta Raul Castro anaien nahiz Che Guevararen sukaldari izan zen eta harreman estua egin zuen haiekin. Sukaldean aritzeaz gain, gerrilla ikastaro bat egin zuen, eta beste hainbat kiderekin taldea osatu zuen. Habanan geratzeko aukera zuen arren, Kolonbiara joatea erabaki zuen gobernuaren aurka borrokatzera.

Gorpurik eta dolurik gabe

Pedro hil zutenean, Pablo anaiak albiste agentzia batean egiten zuen lan, eta berria mezu labur batean jaso zuen: “De Navarra, España, guerrillero muerto” (Nafarroatik, Espainia, gerrilarria hilda). Diktadura amaitzeke, ez zen senitarteko gerrillariari gertatutakoa salatzeko garaia, eta familiak gorpurik eta dolurik gabe egin behar izan zuen aurrera.

Pedro hil zutenean, Pablo anaiak albiste agentzia batean egiten zuen lan, eta berria mezu labur batean jaso zuen: “De Navarra, España, guerrillero muerto”. Diktadura amaitzeke, ez zen senitarteko gerrillariari gertatutakoa salatzeko garaia

Unai Aranzadi kazetariak 2005ean izan zuen lehenengoz Pedro Baigorriren berri Kolonbian bertan, ELNren kanpamendu batean. Orduz geroztik, nafarraren bizitza eta heriotzaren nondik-norakoak osatuz joan da, besteak beste, hamar urtez prestatzen ari den dokumentalean eta 2017an Zazpika aldizkariako erreportaje batean jaso dituenak. Marco Tobón antropologo kolonbiarrak ere Baigorriren inguruan ikertu du, eta bere lanaren emaitza Baigorri. Un vasco en la guerrilla colombiana (Baigorri, euskaldun bat gerrilla kolonbiarrean; Txalaparta, 2017) argitaratu du. Hala, gerrillariaren bizitzaren pasarteak argituz joan dira, baina haren gorpuzkiak ilunpean daude oraindik.

Pedroren gurasoek duela 30 urte salatu zuten semearen desagerpena Kolonbiako Fiskaltzan. Baina erantzunik jaso gabe hil ziren biak. Geroago Unai Aranzadik berak ere Fiskaltzara jo zuen. Azkenik, 2019an senitartekoak Kolonbiako UPUBDrekin –desagertutzat jotako pertsonak bilatzeko unitatea– harremanetan jarri ziren, eta Pedro Baigorriren arrastoen bila hasi dira. Joan den irailean eta urrian Curumaníko hilerriko bost gorpu aztertzen aritu dira, eta hainbat hezurtegi komunetako identifikatu gabeko gorpuzkiak ere aztertuko dituzte.

Baigorriren gorpuzkiak aurkitzen Curumaníko hilerrian (argazkia: Kolonbiako UBPD erakundea)

Duintasun apur bat

Oraingoz ahalegin horiek ez dute emaitza positiborik izan, baina Mariángeles Baigorri arreba baikorra da: “Ez genuen uste han anaia eta kideengatik interesatuko zirenik. Ganadua bailiran ehortzi zituzten eta, aurkitzen badituzte, duintasun apur bat emango diegu”.

49 urte eta gero, oraindik ehorzketa duinaren zain, Pedro Baigorri duintasunez hil zela behintzat esan dezakete senideek. Kolonbian zela, aitak etxera itzultzeko eskatuz idatzi zion, eta semeak hala erantzun zion azken gutunean: “Iruñeko entzierro batean hiltzeak ez dauka zentzurik. Aldiz, jendeak jateko aukera izan dezan hiltzeak merezi du. Nire printzipio eta ideien arabera bizi naiz, eta, azkenean, nagusiki zuei egiten dizuedan omenaldia da. Jaio eta hil egiten gara, eta geratzen zaigun bakarra maite ditugunen oroimena da, baina bizitza zerbait gehiago uztea da. Zoriontasunik ez dago, guztientzat ez baldin bada”.

Fuente
https://www.argia.eus/
Categoria